Euskadiko txapeldun izan da Lur Ocon

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 7a, 00:00

Lur Ocon (erdian), urrezko dominarekin, podiumeko koxka gorenean.

1.500 metroko oztopo proba irabazi zuen hernaniarrak Gasteizen, 16 urtetik beherakoetan, 4:47,50 denborarekin.

Joan den larunbatean jokatu zuten aire libreko Euskadiko Txapelketa, 16 urtetik beherakoen mailan, Gasteizko Mendizorrotzako atletismo pista berrituan. Eta bertan izan zen, bere denboraldi bikainari erremate ezin hobea jartzeko, Lur Ocon Arreitunandia atleta hernaniarra: Euskadiko txapeldun izan zen, 1.500 metroko oztopo proba irabazita. 

4:47,50 denboran osatu zuen proba hernaniarrak, eta nagusitasunez menderatu zituen lehiakideak, ia zortzi segunduren aldearekin. Ekhi Civico tolosarrak (4:55,11) eta Lander Lanzos arrasatearrak (4:55,14) osatu zuten podiuma.

Sasoiko dabil hernaniarra, aire libreko denboraldian. 1.500 metroko oztopo proba irabazi zuen Ordizian ekainean, Gipuzkoako Txapelketan hirugarren izan zen 1.000 metroko proban, eta 16 urtez azpiko Espainiako Txapelketarako minima lortu du proba berean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!