Galarretatik Errekaldera aurreikusitako bidegorriaren zabalera haunditzea eskatu du Eguzki Talde Ekologistak

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 7a, 00:00

Chillida Lekuko sarreratik pasako da Galarreta-Errekalde bidegorria.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren proiektuari alegazioa aurkeztu dio Eguzkik: «3 metro zabaleko bidegorria aurreikusi du proiektuak, txirrindulariek eta oinezkoek bi norabideetan partekatutakoa; baina 4 metrokoa behar du».

Galarreta eta Errekalde arteko bidegorria egiteko, proiektua osatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta jendaurrean jarri du ikusgai, alegazioak aurkeztu ahal izateko. Horietako bat izango da Eguzki Talde Ekologistarena, taldeak berak aditzera eman duenez. Aurreikusitako bidegorriaren zabalera haunditzea eskatu du Eguzkik, alegazio baten bitartez.

«3 metro zabaleko bidegorria aurreikusi du proiektuak, txirrindulariek eta oinezkoek bi norabideetan partekatutakoa. Baina Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planaren zein Gipuzkoako Bizikleta Bideen Eskuliburuaren arabera, txirrindulariek eta oinezkoek partekatutako bi norabideko bidegorriek 4 metro zabal behar dituzte», azaldu du Eguzkik. «Are gehiago, 3 metrokoa da Errekalde eta Galarreta artean proiektatutako bidegorriaren sekzio tipoa, baina hori, zenbait puntutan, 1,8 metrora ere murrizten da. Puntu horietan, saihestezinak izango dira txirrindularien eta oinezkoen arteko gatazkak».

Gainera, puntu horietan bidegorria estutzeko arrazoia ere kritikatu du Eguzkik. «Berez exkaxa den 3 metroko zabalera zergatik murriztu da zenbait puntutan 1,8 metrora? Erreka edo baso bat babesteko? Ez, proiektu hau egiteko oinarrizko irizpideetako bat izan delako militarrek Lore Tokin dituzten lursailak ez ikutzea. Proiektuaren memorian bertan hala aitortzen da: Defentsa Ministerioaren jabetzako lursailetan inolako eraginik ez izatea».

«Batetik, GI-2132 errepidea; bestetik, ukitu nahi ez diren militarren lursailak; eta bien bitartean, bidegorria ahal bezala enkajatu da, zabalera zeharo desegokia bada ere. Ez zaigu onargarria iruditzen, eta horregatik eskatu dugu bidegorria zabaltzea», adierazi du Eguzkik.

Talde ekologistak jakinarazi du, gainera, «naturarekin estu lotuta» dauden beste alegazio batzuk ere aurkeztu dituela: «Izan ere, bidegorri berriak eragina izango du harizti batean. Alde horretatik, ahal den eskuhartze zorrotz eta zehatzena nahi genuke, albo-kalterik gabekoa, nolabait esateko».

 

«2021 urtetik martxan behar zuen bidegorriak»

Bidegorria gauzatzeko prozesu­aren «atzerapen haundia» ere salatu nahi izan du Eguzkik: «Errekalde eta Galarreta bitartekoa da bidegorri horietako bat, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planaren arabera dagoeneko eginda beharko luketenak baina oraindik egin gabe jarraitzen dutenak. Zehatz-mehatz, 2021 urtetik martxan behar zuen. Bazirudien Mugikortasun Departamentuak berak zeharo ahaztuta zeukala, planifikatutako beste hainbat bidegorri bezala, duela pare bat urte lehen lerrora pasa zen arte, Mireia Massagué Chillida Lekuko zuzendariak espreski erreibindikatuta. Horrela, 2021eko urtarrilean Departamentutik iragarri zuten 2022ko udan bidegorria eginda egongo zela museoraino behintzat. Ez zen iragarpena bete, bistan da, eta proiektua bera ez dira izapidetzen hasi orain arte. Hasi egin dira, ordea, eta pozten gara, nahiz eta ez gauden prest gutxieneko zabalera ez duen bidegorri bat onartzeko».

Gainera, adierazi du badirudiela «interes haundia» dagoela bidegorria Chillida Lekuraino egiteko, baina hortik aurrera, interesa ez dela «hain esplizitua izan, orain arte behintzat. Beraz, adi egon beharko da, bidegorria ez baita soilik garrantzitsua museoari zerbitzua emango diolako, baizik eta ahalbidetuko duelako lotzea Urumea bailarako eta, oro har, Gipuzkoako ekialdeko bidegorriak, eta Oria bailarako zein kostaldeko bidegorriak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!