Hiru egunez, Ordesako Parke Naturalean eta Maladeta-Anetoko mendilerroan barrena

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 7a, 00:00

Vilamorta aintzira atzean ezkerrean Aneto eta eskuinean Maladetak.

Datorren uztailaren 22tik 25era egingo dugu ibilaldia, Mendiriz Mendi elkarteak antolatuta. Bi eremutan ibiliko gara, alde batetik, Ordesako Parke Naturalean, eta bestetik, Maladeta-Anetoko mendilerroan.

Irteera honetan sekula egin ez dugun plana burutuko dugu. Egun guztiak toki berean egin beharrean bi lekutan ibiliko gara. Biak zoragarriak. Lehena Ordesako Parke Naturala da eta bigarrena Maladeta-Anetoko mendilerroa. 

Faja de Racón bidea ez da Ordesako beste bide batzuek bezain ezaguna (hala nola Faja de las Flores edota Faja de los Cazadores), baina  oso bide polita da. Bidea Gallineros hormaren azpitik pasatzen da. Horma izugarri horretan ireki ziren lehen eskalada bideak Ordesan. Horma guztiz makurtua da eta harritu egiten du nola igo daitekeen jendea hortik. Bidea ere Cotatuero ur-jauziaren albotik pasatzen da. Ur-jauzi hau ez da Cola de Caballo ur-jauzia bezain ezaguna, baina oso ederra da. Ia 200 metroko altuera du eta ur asko daramanean ikusgarria da. 

Aragüelles Pirinioetan dagoen hiru milako errazenetariko bat dugu. Maladeta gailurraren hego galdorrean kokatuta dago eta ez du inolako zailtasunik. Desnibela ere ez da oso oso handia. Coronas aterpetik 1.100 metro inguru dira eta ibilbidea ez denez oso luzea, lasai hartuta, nahiko erraz egiten da. Gainera igo eta jaitsi toki beretik egiten denez, nekatzen denak ahal du nahi duenean igoera eten. 

Azken egunerako antolatuta dagoen ibilbidea erraza da. Kontuan izan behar da etxera itzultzeko 5 orduko bidaia izango dugula ondoren. Hori dela eta bost orduko ibilbide xumea egingo da. Erraza bai, baina polita ere bai. Vilamorta-ko aintziretara hurbilduko gara lehenik. Aintzira hauek ez dira oso ezagunak eta, nahiz eta La Besurtatik oso gertu egon, jende gutxi hurbiltzen da bertara. Oso aintzira estetikoak dira eta Aneto aldera dauden bistak zoragarriak dira. Horregatik soilik pena merezi du bertara hurbiltzea.  Azken egun honetan ere Agualluts-eko sarbegia ezagutzeko aukera ere izango da. Aurreko batzuetan bertan egondakoak gara, baina beti polita da naturako horrelako fenomeno deigarri bat ikustea. 

Faja de racon Cotatuerotik begiratuta

 

 

IBILBIDEAREN  DESKRIBAPENA


Uztailak 22: Atsegindegitik irten eta Torla herrira hurbilduko gara. Bertan Lucien Briet aterpean lo egingo dugu. 
Uztailak 23: Turieto bajo bidetik Ordesako zelaietara igoko gara. Oso bide polita da, bidearen zati gehiena basopean egiten baita. Tarte honetan 200 metroko desnibela igotzen da. Bidean Tamborrotera, Molinietos eta Abetos ur-jauzi ikusgarrien albotik pasatzen da. Zelaietara iritsi baino zertxobait lehenago ibaia zeharkatu eta Faja de Racón-era igoko gaituen bidea hartzen da. Hemen burutzen da ibilbideko desnibel handiena (500 m). Basoa atzean utzi eta bidegurutze batera iritsiko gara. Gora eginez Clavijas de Salarons pasagunera igoko ginateke. Guk eskuinera egin behar dugu. Ordesako pareta erraldoien azpian kokatu eta beraien oinarriari jarraituz Cotatuero aldera egin behar da. Gallinero hormaren azpitik pasa ondoren aurrez-aurre Cotatueroko ur-jauzi erraldoia ikusiko dugu. Bertara iritsi ondoren bideak, behera egiten du, berriro basoan sartzen da eta Ordesako zelaietan utziko gaitu. 

Ibilbidea amaitzean, Ordesako zelaian, dagoen autobus zerbitzua erabiliz, Torlara itzuliko gara. Bertan gure autobusa hartu eta Benasque bailaran dagoen El Run aterpera hurbilduko gara. Bertan egingo ditugu 23 eta 24eko gauak. 

 

Uztailak 24: Aterpetik irten eta bailarako autobus berezia erabiliz Vallibierna bailarako Coronas aterpera igoko gara. Bertan jaiotzen da Aragúelles gailurrera (3.044 m) igotzen den bidea. Igoera eta jaitsiera toki berdinetik egiten da. 

Coronas sakanetik igotzen hasi behar da. Baso barrutik, izeien gerizpean, egiten da lehen zatia. Beheko Ibon de Coronas aintzirara iritsi baino lehen basoa atzean uzten da. Aintziraren eskuinetik gora eginez goiko aintziretara igo behar da eta bertatik ezkerrera eginez Cregüeña lepora igo (2914 m). Gailurra zanpatzeko azken 100 metroko desnibela gainditzea soilik geratzen da. Gailurretik inguruko hiru milako nagusienak ikusten dira. Aurrean Maladeta, Maldito, Pico de la Rimaya eta Aneto. Ezkerrean, urrutira, Poset, Perdiguero eta Literola. Eskuinean Tempestades, Rusell eta Vallibierna. 

Ibilbidea amaitu ondoren bailarako autobusak gure autobusera hurbilduko gaitu eta El Run-eko aterpera itzuliko gara. 

 

Uztailak 25: Aterpea utzi eta Vado del Hospitalera hurbilduko gaitu autobusak. Bertan La Besurtara igotzen den autobusa hartuko dugu. Azken geltokitik (La Renclusa aterpera igotzeko balio duenetik) ezkerrera egin eta ibones de Vilamorta-ra hurbilduko gara. Bertatik Aigualluts-eko ur-jauzira eta sarbegira jaitsiko gara. Kolmatatutako aintzirak osatutako zelaigunea (Plan de Aguallut) zeharkatu eta  l´Escaleta sakanetik Col del Toro lepora eta bertan dagoen izen bereko aintzirara igoko gara.  Itzulia bide beretik egingo da, baina Aiguallutsetik La Besurta itzultzeko bide arrunta hartuko dugu. Bailarako autobusa hartu eta gure autobusera jaitsi ondoren Hernanira itzultzeko bidaiari ekingo diogu.

 

LEKUA-LEKUA
DATU INTERESGARRIAK

Kokapena: Huesca

Eguna: Uztailak 22, 23, 24
eta 25

Luzera: 20 (23an), 10 (24an)eta 14 (25ean) kilometro

Desnibela: 1.200 m (23an), 1.100 (24an) eta 500m (25ean) inguru gorantz eta beste horrenbeste beherantz.

Denbora: 7-8 ordu; (23an) 7 ordu (24an) eta 5 ordu (25ean).

Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa; Faja de Racón ez da aproposa bertigo asko duen jendearentzat.

Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta

Oharra: Aterpeetarako beharrezkoa da maindirea edota lo-zakua eta toalla eramatea. Plaza mugatuak (25). Izena emateko epea uztailak 10ean irekitzen da. Izena ematerakoan 100 euro aurreratu behar dira.Faja de Racón bideak ez du zailtasun berezirik, baina toki batzuetan altuera sentsazioa agerikoa denez ez da gomendagarria bertigo asko duen jendearentzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!