Summer Seasoneko bigarren jaialdia, gaur

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 6a, 00:00

Gaur arratsaldean izango da, 16:30etan hasita Galarretan, Jai-Alai Summer Season txapelketako bigarren jaialdia. Torneoko bi partidu jokatuko dituzte: Aldabe eta Urriza, Azpirozen eta Larrañagaren kontra; eta Barrenetxea IV eta Juanenea, Segurolaren eta Ansa IIren kontra. Horien aurretik, beste partidu bat ere izango da: Zaldua II-Eskudero eta Gurrutxaga-Apezetxea, aurrez aurre. Hiru setetara izango dira partidu guztiak.

Larunbatean jokatuko dute hirugarren jardunaldia, gaueko 22:00etan hasita. Horretan, honako bi partiduak izango dira Jai-Alai Summer Season txapelketakoak: Barrenetxea IV-Juanenea/Azpiroz-Larrañaga; eta Aldabe-Urriza/Segurola-Ansa II. Beste partidu bat ere izango da aurretik: Irazu-Zubiri/Loitegi-Aiestaran VI.

Txapelketako aurreneko jardunaldian, joan den larunbatean, Barrenetxeak eta Juaneneak mendean hartu zituzten Aldabe eta Urriza (15-13 eta 15-6); eta Segurolak eta Ansak desenpatean irabazi zieten Azpirozi eta Larrañagari (14-15, 15-13 eta 5-1).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!