Zinegoak jaialdian saria, 'Armairutik plazara' lanak

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 6a, 00:00

Minet artista hernaniarra da dokumentaleko protagonistetako bat.

ZG/PRO WIP saria lortu du Egoitz Arbiol eta Ibai Fresnedo hernaniarren dokumentalak, zine jaialdi ezagunean.

Hernanira ekarri dute Zinegoak LGTBIQ+ zine eta arte eszenikoen jaialdiko sarietako bat, Hiruki Larroxako Egoitz Arbiol eta Ibai Fresnedo hernaniarrek. Izan ere, ZG/PRO WIP saria eskuratu dute, Armairutik Plazara! dokumentalarekin. 

Hernaniko LGBT+ errealitateari eta memoriari buruzko dokumentala da osatu dutena, eta hainbat herritar dira protagonista; besteak beste, Empar Pineda Minet (Euskoprincess), Brayan Altimasberes, Kattalin Miner, Luis Intxauspe, Aitor Huizi, Maider Iturbe eta Anane De la Iglesia.

Dokumentaletik harago, pro­iektu oso bat da Armairutik Pla­zara! izenekoa. Maiatzaren 16an aurkeztu zuten Hernanin, Kulturarteko Plaza Feministan. Unitate didaktiko bat ere prestatu dute, DBHko lau mailetarako eta Batxilergoko bietarako. Datorren ikasturtean hasiko dira hori erabiltzen, Hernaniko ikastetxeetan. 

Dokumentala, berriz, udazkenean estreinatuko dute, aurreratu dutenez. Honakoa da do­kumentalaren aurrerapena: «He­rriek historia dute. Historia par­tziala. LGTBIQ+ pertsonen historia ez baita herriaren herri-historiaren parte izan orain arte. Hernaniko LGTBIQ+ bizi-esperientzia duten pertsonen ahotsen bitartez, herriko disidentzia sexualen eta generikoen indarkeriak eta erresistentziak jasotzen ditu. Parte garen eta eraikitzen gaituen memoria kolektiboa zabalduz eta aitortuz».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!