Koxka bat atzera Maialenek, Pasaian

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 5a, 00:00

Zazpigarren izan zen Hernaniko trainerua, ETE Ligako laugarren estropadan. Igande honetan, Zumaian zita.

Koxka bat bestearen atzetik, gora egiten ari zen Hernaniko Maialen trainerua, estropadaz estropada, aurrekoetatik gero eta gertuago. Horrela, aurtengo ETE Ligako emaitzarik onena lortu zuen ekainaren 25ean Mundakan, seigarren sailkatuta. Baina joan den larunbatean, Pasai San Juanen, koxka bat atzera egin zuten hernaniarrek, berriro ere zazpigarren sailkatuta, eta aurreko traineruetara ezin gerturatu.

Erlojupeko proba izan zen larunbatekoa, traineruek banaka egin beharrekoa. 13:10 denboran osatu zuen estropada Maialenek, eta nahi baino urrutiago izan zituen Astillero seigarrena (12:53) eta Ondarroa bosgarrena (12:52).

Edozein kasutan, «palada eta sentsazio onak lortzea» izan da hernaniarren helburua aurreneko estropada hauetan, Asier Ocon entrenatzaileak nabarmendu zuenez: «Ez diogu garrantzi berezirik ematen lortutako postuari eta sailkapenari. Une honetan, arraunean ondo egitea da garrantzitsuena, teknika. Pausoz pauso goaz, denboraldia oso luzea baita».

 

Hurrengo estropada, igande honetan Zumaian

Igande honetan jokatuko dute ETE Ligako bosgarren estropada. Zumaian ariko dira, goizeko 11:30etan hasita. Bi txandatan lehiatuko dira traineruak, eta aurrenekoan ariko da Hernani, Portugaleterekin, Ondarroarekin eta Astillerorekin batera.

Zazpigarren dago Hernani ligako sailkapenean, 9 punturekin. Portugalete dauka atzetik (4 puntu), eta Ondarroa aurretik (14).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!