Itxaso Zalduaren epaiketaren harira, kontzentrazioa egingo dute gaur

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 3a, 00:00

Arratsaldeko 20:00etan deitu dute elkarretaratzea, Gudarien plazan, 'Konponbideari erasorik ez! Itxaso aske!' lelopean.

Gaurtik aurrera Itxaso Zaldua hernaniarra epaituko dute Auzitegi Nazionalean, eta, egoera hori salatzeko, kontzentrazioa antolatu du Hernaniko Presoen batzordeak: «Inoiz gertatu behar ez zukeen epaiketa honek, Itxaso kalean aske zela ireki zioten sumario bati erantzuten dio», azaldu dute.

Batzordetik nabarmendu dute Espainiar Estatuaren jarrera agerian uzten duela Itxaso Zalduaren epaiketak: «Agerian uzten du Estatu Espainolak ez duela gatazka konpontzeko borondaterik, eta, jada kalean dauden kideak espetxeratu eta biziarteko zigorretara kondenatzeko apustua egin duela, epaile, polizia eta beste lobby batzuen elkarlanaz».

Gauzak horrela, gaur arratsaldeko 20:00etan jarri dute hitzordua, Hernaniko Gudarien plazan. Bertan kontzentrazioa egingo dute, 'Konponbideari erasorik ez! Itxaso aske!' lelopean: «Guk, Itxaso aske nahi dugu, herrian, gurekin. Hori aldarrikatzeko, eta epaiketa oro gaitzesteko egingo dugu gaurko kontzentrazioa».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!