Argazki kamera profesionalekin, xumeagoekin, mugikorra hartuta edota tabletarekin, ehunka herritar izan dira San Joan jaietan gertatutakoa iruditan gorde nahi izan dutenak. Eta horien artean, ez dira gutxi izan Kronikaren XIV. San Joanetako Argazki Lehiaketan parte hartzera animatu direnak.
25 argazki aurkeztu dituzte hernaniarrek, zein baino zein ederragoa. Eta denetan ederrena, botoa eman duten herritarren iritziz, Uxue Zugastik Akelarrean ateratakoa izan da: 86 bototik, 31 eskuratu ditu berak (guztien %34,4). Hori horrela, sari potoloa eskuratu du Uxue Zugastik: Gurutzeta X Txuleta sagardotegian bi lagunentzat otordua, Hernaniko igerileku irekietarako bi sarrera, eta urtebeteko Kronikakide bazkidetza.
Bigarren sari bat ere izan da, Kronikakide diren partehartzaileen artean zozketatutakoa; eta Jose Luis Iraolak jasoko du hori. Argazki ederrak aurkeztu ditu berak ere, eta Beti Egarriak txarangari ateratakoa izan da boto emaileek gustukoen izan dutena. Iraolak ere jasoko ditu Gurutzeta X Txuleta sagardotegian bi lagunentzako otordua eta igerileku irekietarako bi sarrera; eta horrez gain, Bitartean musika taldearen diskoa.