San Joanak

Azkeneko Axeri Dantza, omenaldi eta guzti

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 1a, 00:00

San Joanetako azkeneko egunean, asteartearekin, egin zuen azkeneko irteera Axeri Dantzak ere. Eta bizkarrak gogotik berotu ondoren, hamaiketako berezia egin zuten Txantxangorri elkartean: Axeri Dantza taldeko partaideek, eskerrak eman zizkieten herriko komertzio eta bizilagunei, urte hauetan guztietan beren lokal eta etxeen bideak irekitzeagatik. Haiekin batera egin zuten Axeri Dantzaren ondorengo hamaiketako hori, eta oroigarri bana eman zieten. 

Sokan ateratzen den partaide batek, honako bertsoak eskaini zizkien, Habanera doinuan:

 

Urtero bada ohitura
Hernaniko San Juanetan
soka eta maxkuri hartu
goizeko beatzietan
txistularien konpasez
murgildu jende artean
eta bizkarrak berotu
alde zaharreko kaletan

 

Bapatean sokakoak
non diren ezin igarri
portal komertzio ta patio
baititugu gordetegi
Jendeak a ze sustoak
hauxe bai dibertigarri
komertzio ta bizilagun
zarete gure euskarri
zuei  guztieri esker
gu denok gera axeri.

  

Eta beste hauek, berriz, Txantxangorri elkarteari eskaini zizkion, emandako laguntzagatik, Salamankara doinuan:

 

San Juanak urtero legez datoz
jaiak gogoz gozatzeko
eta baitaere denen sabelak
jan eta edanez pozteko
Axeri dantza hiru egunez
a ze lanak prestatzeko
ta bizkarrak berotu ondoren
axeriak asetzeko

 

Dirulaguntzak eskatu behar
tramitazioak legez
elkarte gisa babesa eman
ospa dadin betikolez
sukaldariei ta bazkideei
axeri guztien izenez
Txantxangorriri esan nahi diot
Eskerrak bihotz bihotzez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!