Astebete lehenago inauguratu zuten Tilosetako kiosko izendatu berria: Joxepa Zubeldia bertsolariari eskainitakoa. Eta astelehenean eskaini zuten aurreneko bertso saioa, Joxeparen begiradapean, Maialen Lujanbio eta Iker Ormazabal Tturko hernaniarrek, Eli Pagola ereñotzuarrak, eta Joanes Illarregi leitzarrak. Astelehen arratsaldea izanda ere, sekulako jendetza bildu zen bertara, eta saio umoretsua eskaini zieten bertsolariek bueltan, hausnarketarako ideiak ere plazaratuz. Maila politeko saioa, kiosko berrituari behar bezalako hasiera emateko.