Auditorioa Hernanirentzat

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 29a, 00:00

Herriko eskaintza kulturaletako erabiltzaile garenetik kezka bat dabilkigu buruan. Gure gertukoekin hainbat forotan partekatu izan dugu, baina gaurkoan publikoa egitea erabaki dugu. Eta hau zergatik? azpiegitura kulturalen gabeziak gure semearen jardunean eragiten hasi delako.

Gure semea Hernaniko musika eskolako ikaslea da eta hasieratik eskaini dituzte kontzertuak. Aurten iada instrumentuarekin hasi da eta Biteri erabiltzen hasi dira auditorio moduan. Auditorio moduan diogu, berez egiteko horretarako diseinatua izan ez zen eraikina delako. Ez du akustika egokirik, aforoa mugatua du, klimatizazio sistemarik ez du…

Herriko eskaintza kulturala zabala da baina hainbatetan gutxik dugu (aforoa dela eta) honetaz gozatzeko aukera. Bestetik, kulturgintzan aritzen diren profesionalen lan eskerga eta  gazteen harrobia esanguratsua da. Baina herriko azpiegitura kulturala ez dator bat aipatutako aberastasunarekin. Hernanik azpiegitura kultural duinak behar eta merezi dituela iruditzen zaigu.

Idatzi honen helburua ez da eraso politikoa egitea, herriko beharren aurrean eskaera luzatzea baizik. Behar honi erantzuna ematearen erantzukizuna guztiona dela deritzogu eta ondorioz hautatutako ordezkari politiko ororena.

Azkenik erregutu nahiko genuke etorkizuneko egitasmoetan lehentasuna ematea Hernaniko auditorioari.

 

Borja Martin Arocena eta 
Garoa Gonzalez Fernandino

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!