Tourraren harira antolatutako lehenengo ekitaldia egingo du gaur Gure Eskuk

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 29a, 00:00

'Herri bat gara, Euskal Herriak erabaki' ekimenaren aurkezpena, Bilbon.

Antolatutako ekimenaren aurkezpena egingo dute gaur, arratsaldeko 19:30etan, Tilosetan.

Frantziako Tourra Hernanitik pasako dela eta, zenbait ekintza antolatu ditu Gure Eskuk. Gaur bertan egingo dute ekimenaren aurkezpena, arratsaldeko 19:30etan, Tilosetan. Bertan xehetuko dituzte egun hauetarako antolatu dituzten ekintza guztiak, eta unea aprobetxatuko dute argazki erraldoia egiteko bertaratzen den jendearekin eta euskal ikurrekin. 

Bigarren ekintza larunbat eguerdian egingo dute, Tourra pasako den egunaren bezperan. Gudarien plazan jarri dute hitzordua, herriko kaleetatik bizikleta martxa egiteko. Azkenik, uztailaren 2an lasterketa ofiziala igaroko den errepide inguruetara joateko deia egin dute, bertan euskal ikurrak ikusarazteko. Antolatutako ekitaldi guztien helburua «munduaren aurrean herri bezala» agertzea da: «Aurten, bertatik bertara ikusiz, identitate berezi eta ederra duen 7 lurraldeko herrialde batera iritsi direla guk geuk erakutsiko diegu». 

 

Errepideak itxita, ordu luzez

Uztailaren 2an pasako da Frantziako Tourra Urumea bailarako herrietatik, eta eragin haundia izango du zirkulazioan. Lasterketa 16:10ak aldera pasatzea da aurreikuspena, eta bideak 12:00etatik 17:00etara etengo dituzte Hernanin, eta 12:50etatik 17:00etara Astigarragan. Hernanin Txantxilla-Izpizua-Elkano-Txirrita-Zinkoenea-Akarregi ibilbidea egingo dute txirrindulariek, eta Astigarragara 16:15ak aldera iristea espero da Martindegitik. Herria zeharkatuko du Iparralde bideraino Oiartzun aldera.  

Gauzak horrela, Hernaniko Txantxillako sarrera eta Karabelgoa itxita egongo dira. Sorgintxulokoa izango da irekita egongo den sarrera bakarra. Astigarragan herritik irten nahi dutenek ibilgailuak Bidebitarteko industrialdean uztea da gomendioa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!