Oberena taldea nagusitu zen XVIII. Berria Txapelketako finalean, Buruzgaini irabazita

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 29a, 00:00

Partidu ederrak jokatu zituzten bi taldeetako pelotariek.

Amaiera lehiatua izan zuen txapelketak Hernaniko pelotalekuan; Iruñeko taldeak 2-1 irabaztea lortu zuen, ultzamarren aurka. 

Pelotazaleentzat arratsalde bikaina izan zen igandekoa. Hernaniko pelotalekuan jokatu ziren XVIII. Berria Txapelketako finalak, baita giro ederrean jokatu ere. Iruñeko Oberena eta Ultzamako Buruzgain taldeak iritsi ziren final haundira, eta nafarren arteko lehian hiriburukoak nagusitu ziren. 

Txapelketan zehar erakutsitako mailagatik, finkatuta zeuden maila bakoitzeko bikote faboritoak. Etiketa horrekin atera ziren kantxara Buruzgain taldeko Aldaz eta Martikorena pelotariak, eta ez zien ihes egin arratsaldeko lehenengo puntuak. Izan ere, partidu ederra osatuta, 22-13 irabazi zuten Oberena taldeko Rekalderen eta Olzaren aurka. Ulmtzamarrek beste behin erakutsi zuten Nafarroako bikote onenetako bat dutela kadete mailan. 

Lehenengo puntua galtzeak, ordea, ez zituen gazte mailako iruindarrak urduritu. Oberenako Sarasibarrek eta Santestebanek nagusitasunez irabazi zieten Barberenari eta Garañori. Sendo aritu zen Iruñeko bikotea, eta distirarekin berdindu zuten finala, 22-7 irabazita. 

Beraz, espero zen modura, dena jokoan zegoela iritsi zen nagusien partidua. Canabalek eta Aldabek jokatu zuten Oberenaren izenean, eta Iriartek eta Olidenek Buruzgainenean. Bi zatitan erabaki zen partidua; oso hasiera gogorra izan zuen, fisikotik gehiago eman zuten pelotariek jokotik baino, eta partidua haustea eragin zuen horrek. 10-10 berdinduta joatetik, 22-10 irabaztera pasa ziren Canabal eta Aldabe.  

Finalaren amaieran, omenalditxoa egin zieten Hernaniko frontoira bertaratutako pelotazale guztiek Martxelo Otamendiri eta Rufino Rekalde hernaniarrari. Berria Txapelketaren XVIII. edizioa izan da aurtengoa, eta inork antolatzen jarraitzeko lekukoa hartzen ez badu, bertan bukatuko da txapelketaren ibilbidea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!