Gari eta Eneko Paskual lehengusuak nagusi, Aralarko Mus Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 28a, 00:00

Txapelketako lau bikote onenak, Aralar tabernako arduradunekin, sari banaketaren ondoren.

Pepe Kaloka eta Angel Pikabea menderatu zituzten finalean, markagailua iraulita. Maxi eta Fernando Martin izan ziren hirugarren.

Aurreko asteazkenean jokatu zen final haundia, Aralar Tabernako Mus Txapelketaren 37garren edizioan; eta Gari eta Eneko Paskual lehengusuak izan ziren txapeldun. Final estua eta lehiatua izan zuten, Pepe Kaloka eta Angel Pikabea ereñotzuarren kontra. Are gehiago, Kaloka eta Pikabea hasi ziren aurretik, baina partidari buelta ematea lortu zuten lehengusuek, eta 4-2 nagusitu ziren azkenean, aurtengo txapelak janzteko. Bigarren saria jaso zuten ereñotzuarrek.

Finalaren aurretik, hirugarren posturako partida ere jokatu zuten, 21:00etan, mus gauari hasiera emateko: Maxi eta Fernando Martin batetik, eta Jon Otxandorena eta Asier Polaina bestetik. Finala bera baino estuagoa izan zen partida hori, eta 4-3 irabazi zuten Maxi eta Fernando Martinek, hirugarren postua lortzeko.

Partida hori bukatuta, eta tentsioak pixka bat arintzeko, Marsel Magoaren emanaldiaz gozatu zuten bertaratuek. Eta 23:00ak aldera hasi zen final haundia, tentsio eta urduritasun guztiak berriro airean jarri zituena. Edonola ere, giro ederra izan zen bi partidetan, eta gau polita Aralar tabernan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!