Maialen trainerua aurrekoetatik gero eta gertuago, eta bi hernaniarrek domina Espainiakoan

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 28a, 00:00

Unax Uralde Alcoba eta Beñat Odriozola Aranburu, brontzezko dominekin.

Seigarren izan zen Hernani Mundakan, ETE Ligako hirugarrenean. Banyolesen, brontzea lortu dute Unax Uraldek eta Beñat Odriozolak.

Asteburu gozoa izan da Hernaniko arraunlarientzat, modalitate eta txapelketa ezberdinetan. Traineru denboraldiari dagokionez, ETE Ligan beste aurrerapauso bat eman zuen Hernaniko Maialen traineruak, eta seigarren izan zen Mundakan, Zarautzen eta Portugaleteren aurretik, orain arteko posturik onena lortuz. 

Postua bera baino garrantzitsuagoa izan zen, ordea, aurrekoetatik gero eta gertuago dagoela ikustea. 12:59 denboran osatu zuten proba hernaniarrek, eta oso gertu izan zituzten aurreko hirurak: Deusto-Bilbo hirugarrena (12:47), Astillero laugarrena (12:50) eta Ondarroa bosgarrena (12:56). San Juan Bandera izango dute larunbat honetan, Pasaian, arratsaldeko 17:00etan hasita.

Espainiako Txapelketan brontzezko domina, Uraldek eta Odriozolak

Bestalde, Espainiako Txapelketa jokatu zen Kataluniako Banyolesen, eta bi hernaniar aritu dira bertan: Unax Uralde Alcoba eta Beñat Odriozola Aranburu. Eta parte hartu bakarrik ez, brontzezko dominarekin bueltatu dira biak. Kadete mailan, lau arraunlariko ontzian (4 scull) lortu zuen hirugarren postua Uraldek, Orioko Arraun Elkartearekin; eta arraun egokituan, bakarka (skiff) izan zen hirugarren Odriozola, Hernaniko Arraun Elkarteko kidea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!