Hernaniko Udalak bi proiektu aurkeztu zituen, Espainiako Lurralde Politikako Ministerioak toki entitateen administrazioaren esparruan modernizatu eta digitalizatzeko laguntzen deialdira. Bi proiektuen aurrekontua 331.862,36 eurokoa da eta 205.358,20 euro eman zaizkio Udalari.
Lehen proiektuak lotura du udal eraikinetako sare lokalaren azpiegitura hobetzearekin eta herritarren wifi sarea haunditzearekin. Udalak jakinarazi du, proiektu honi esker, wifi puntuak jartzen ari direla zenbait eremutan: «udaletxeko bilera-geletan, kiroldegiko aretoetan, Gizarte Zerbitzuen bulegoetan, Udal Euskaltegian eta Musika Eskolan». Zuntz optikoa Turismo Bulegoko kioskora, Bake Epaitegira, Biteri kultur etxera, Gabriel Zelaia eraikinera eta Gazteriako bulegoetara ere iritsiko liratekeela aurreikusi du Udalak: «herritarrek aukera izango dute konexio horiek zabaltzeko».
Bigarren proiektuak administrazio elektronikoa ezartzearekin eta beste administrazio batzuekiko elkarreragingarritasuna hobetzearekin du zerikusia, «herritarrei, enpresei eta bestelako erakundeei kudeaketak eta tramiteak errazteko».