Zapiak lepotik kenduta, aurtengo San Joan jaiak agurtuko dituzte gaur gauean hernaniarrek, plazan

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 27a, 00:00

Bizkarrak berotu zituzten atzo goizean Axeri dantzako kideek, eta gaur izango dute azkeneko hitzordua.

Gaueko 00:00etan botako dute jaien amaierako txupina, Gudarien plazan, eta aurretik  'Su Danborrak' kale ikuskizuna eskainiko du Deabru Beltzak taldeak.

Gaur gauean botako dute jaien amaierako txupina, gaueko 00:00etan udaletxean, hala ere, gauera arte jarduera mordoa antolatu dituzte, besteak beste, diana, haurrentzako zirku ikuskizuna, mariatxiak eta Su Danborrak ikuskizuna. 

Gaur Hernaniko txistulariekin esnatuko da herria, atzo ordea, dultzaina soinua izan zen iratzargailua, eta segidan, sokamuturra izan zen goizeko protagonista, herriko plaza hartuz. Goizeko 09:00ak aldera, Axeri dantzako kideak irten ziren herriko kaleetara gaupaseroak soka artean bildu eta bizkarrak gorri-gorri jartzera. Lekukoa hartu zuen ordea, 11:00etan, Iraunkorrak txarangak jai giroarekin jarraitzeko asmoz, eta lortu zuten, asko izan baitziren atzetik, dantzan. Goiz Eguzkin ere izan zuten festarako tartea, sari banaketa eta luncharekin.

Eguneroko zitari eutsiz, Herburuko erraldoiak eta buruhaundiak atera zituzten kalera, eta ohi moduan, gaztetxoen bizkarrak berotu zituzten, musika lagun zutela. Goizeko ekintzei amaiera eman zien Otempodiz dantza ikuskizunak, Tilosetan, eta herritar ugari bertaratu ziren, kale ikuskizunaz gozatzera. 

Bertsoek girotu zuten arratsaldea, eta horretan jardun zuten, Maialen Lujanbiok, Joanes Illarregik, Eli Pagolak eta Iker Ormazabalek (Tturko). Musikak ez zuen etenik izan arratsaldean, ez baitzuten hutsik egin, Txorotxaranga elektrotxarangak, Jaiki Hadi erromeriak, Batukada feministak, Su festak, Gatiburen kontzertuak eta Nekaezinak txarangak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!