San Joan herrikoiagoak, gaurtik

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 26a, 00:00

Brindisean koadrilak elkartu ziren Plazan eta oholtza gainean.

Lehendabiziko hiru egunetan jendetza izan da festetan, herritik kanpo bizi den jende askorekin. Festen azken bi egunetan hernaniarrak gehiago ikusiko dira kaleetan zehar.

San Joanetan hiru lehenengo egunetan jendetza izan da gau eta egun. Kaleak jendez gainezka izan dira, baina gaurtik aurrera festa herrikoiagoak espero dira. Astelehenean, lan eguna izan da, lasaiago ibiliko da jendea Axeri Dantzan eta sokamuturran. Nabarituko da, seguru, gauean giro apalagoa izan dela.

Hala ere, ez da aspertzeko aitzakiarik izango. Egitarauan ez da faltako txarangarik eta helduenentzat Goiz Eguzkin sari banaketa eta luntxa antolatuko dira. Erraldoi eta Buruhaundiak eguerdian irtengo dira eta ondoren Tilosetan, Otempodiz dantza ikuskizuna izango da.

Arratsaldean Maialen Lujanbio, Joanes Illarregi, Eli Pagola eta Iker Ormazabal Tturko bertsolarien txanda izango da Tilosetan eta haurrentzako Txorotxaranga elektrotxaranga estreinatuko da. Erromeria gustukoago dutenak Urbietan dute hitzordua eta beste alternatiba Batukada Feminista izango da txosnetan. Musikak, Gorna +LaMia Mari taldeekin Tilosetan, eta Gatiburekin Plazan, itxiko dute eguna.

 

Lagunartean, gozatu zuten

Giro ezin hobea izan zen atzo kaleetan. Gozatu zuten hernaniarrek lagunartean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!