Kronikan ekainaren 23an argitaratutako erreportaiaren harira, Sokamuturra Bai-k aurten egindako lana azpimarratu nahiko genuke. Aipatu bezala, 6 urte daramatzagu Jai Batzordean parte hartzen eta urte hauetan guztietan elkarrizketarako jarrera adierazi dugu: mahai ingurua, covid-a, 3. eguna berreskuratzeko eskaerak... lanketa beti egin izan da batzordean.
2022an ordea, estreinekoz iritsi zen gaia plenora sokamuturraren aurkako mozioaren bitartez. Hau ikusita, Jai Batzordetik haratago joatea erabaki genuen eta Hernaniko plenoa osatzen duten alderdi politiko guztiekin bildu gara banan-banan. Ezinbestekoa iruditu zaigu gure ibilbidea eta helburuak herriaren arduradun direnekin partekatzea eta gure prestutasuna adieraztea gaiaren inguruko edozein kezka argitzeko.
Horren erakusle, 9/2022 legearen inguruan (etxeko animaliak babesteari buruzkoa; 27. artikulua) elkarlanean aritu gara udalarekin eta ganaduzaleekin. Alde batetik, udalak aldunditik ezezkoa jaso du, eta bestetik, ganaduzaleek herri batzuetan zezen txikiak ospatuko direla komunikatu digute. Egoera nahasgarri honetan, udalaren erabakia ulergarria iruditzen zaigu, eta tamalez, aurten ezingo dugu Latxunbeko zezen txiki eta poniez gozatu. Hala ere, azpimarratu nahiko genuke Euskal Larrabehi Elkarteak prest duela ikuskizun hauek legalki egituratuko dituen proposamena eta laster onartuko dutelakoan gaude, Aragoi edo beste autonomia erkidegotan egin den moduan.
Gertaera honek jaietako egitarauan hutsune handi bat eragin du, baina ziur gaude aurtengo egoera salbuespen bat izango dela. Gure aldetik, datorren urtean herriko neska-mutilek zezen txiki eta ponietan parte hartzeko aukera izateko lanean jarraituko dugu.
Besterik gabe, gozatu sokamuturraz eta jarrai dezagun plaza eta kaleak jendez betetzen!
Julen Iraola Gascue
Sokamuturra Bai Hernani