Berria Txapelketako finala jokatuko dute gaur Oberenak eta Buruzgainek

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 25a, 00:00

Arratsaldeko 17:00etan hasiko da finala kiroldegiko frontoian eta hiru partidu jokatuko dira kadete, gazte eta nagusien mailetakoak.

Berria Txapelketako 18. finala jokatuko da gaur Hernaniko kiroldegiko frontoian. Iruñeako Oberena eta Ultzamako Buruzgain kluben arteko lehia izango da, 17:00etatik aurrera, jokatuko dena. Afizionatu mailako klubak, elkarren aurka lehiatzen diren txapelketa bakarra da. 

Kadeteetan Buruzgain da faborito. Oberenarekin Rekalde-Olza bikotea ariko da eta Aldaz-Martikorena bikoteak osatzen du Buruzgaineko taldea. Buruzgainek, Nafarroako bikoterik onenetakoa du eta gainera Oberenak ezin du bere atzelari titularrarekin jokatu.
Gazteetan, Sarasibar-Santestebanen eta Barberena-Garañoren arteko partidua izango da. Mailako atzelari onenetako bik jokatuko dute elkarren aurka, baina aurrean Oberenako aurrelariak Buruzgainekoak baino maila hobea du eta kasu honetan pronostikoa Iruñeako klubaren alde dago.

Nagusietan, Canabal eta Aldabek Iriarte eta Olidenen aurka jokatuko dute. Oberenako bikotea faboritoa izango da partidu honetan. Ziur asko finala erabakiko duen partidua izango da. Maila onetako bikote onena da Oberenarena eta aspaldi ez dute partidu bat galdu. Buruzgaineko bikoteak ere maila ona du, baina asko jokatu beharko dute ezustekoa emateko.

 

Kanariar Irletara bidaia zozketatuko da ikusleen artean Hernani Bidaiaken laguntzarekin

Berria txapelketaren antolatzaileek finalari ginga jarri nahi izan diote, eta Hernani Bidaiak bidaia agentziarekin elkarlanean, Kanarietara bidaia zoragarria zozketatuko dute bi lagunentzat, Hernaniko pelotalekura bertaratzen diren guztien artean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!