Atzo eguerdian piztu zituzten San Joan jaietako lehenengo suziriak Herburu Konpartsako kideek, eta, suziriarekin batera, festa lehertu zen Hernanin. 'Hernani' Musika Eskolako ikasleek hartu zituzten kaleak, eta buruhaundi zein erraldoiek ohiko itzulia egin zuten.
Bazkalorduko atsedenaldiaren ondoren, askotariko ekintzak izan ziren arratsaldean. Bola tiraldia egin zuten Goiz Eguzkin, eta gaztetxoen tiro lehiaketa Txantxangorri Elkartean. Musikari dagokionez, Kantuz eta Ozenki abesbatzek kontzertua eskaini zuten Urbieta kalean, San Joan errondako kideak Kaxkoa girotzen zuten bitartean.
Ekitaldi nagusiak arratsaldea amaitzear zela iritsi ziren. Herriko kaleak zeharkatu ondoren, 20:00ak aldera sartu ziren Akelarreko Adarrak plazara, inkisidorerik gabeko antzerkia egiteko. Ondoren, San Joan sua piztu zuten Gudarien plazan, eta hernaniarrek bertan uxatu zituzten penak eta tristurak; zenbait gaztetxo salto egitera ere ausartu ziren.
Gautxoriek aukera izan zuten San Joanetako lehenengo eguna luzatzeko, The Nord Tech eta Laiotz taldeen kontzertuekin.