Idazki honen bidez, behean sinatzen dugunok, Joxepa Zubeldia Elizegiren bilobok, eskerrak eman nahi dizkiogu Hernaniko Udaleko Berdintasun Kontseiluari gure amonaren izena gogoratu eta omentzeko egindako lanagatik.
Azken urte hauetan, Joxepa amonaren figura gogoratzen eta balioesten saiatu gara, baina azken aldian, Udal Berdintasun Kontseiluaren inplikazio eta bultzadarekin, Hernaniko elementu eta leku garrantzitsu batean, Ezkiaga Pasealekuan, jaso eta izendatutako amonaren izena eta figura ikusi ahal izan ditugu.
Horregatik guztiagatik, eskerrak ematen dizkiegu Berdintasun Kontseiluko kideei, Hernaniko Udalari eta maila indibidualean parte hartu duten guztiei, amona Joxepa ezagutu eta maite genuen guztion nahia errealitatea egitegatik.
Mila esker bihotz bihotzez.
Bide batez, hemen uzten dizuegu Estitxu Eizagirre bertsolariak amonari buruz idatzitakoa:
Zubeldiaren bertsoak sekulakoak iruditzen zaizkit. Hernanik dauzkan bertso epiko ederrak iruditzen zaizkit, Orioko balearenarenak bezala baina Hernanin. Kontakizun zehatza da, grazi handiarekin egina, perla bat. Asko esaten dute hernaniarren izaeraren inguruan. Eta, gainera, rolen inguruko eskema asko hausten dituzte. Gizonak eta emakumeak kontrako roletan agertzen dira; gizonak negoziazioan, telefonoa eskuan batera eta bestera deituaz, burokrazian eta bileratan... eta biharamunean gaixoen karabana bidaltzen dutenean emakumeak ateratzen dira bidera borroka egitera. Eta emakume kontzientzia ere oso presente dago bertso sorta horretan.
Herri bazkari batean, mahai gainera igota. Oso gaizki ikusia zegoen garai hartan emakumeak plazan bertsotan egitea eta berak era horretan egin zuen. Izugarria iruditzen zait.