'Pipar' eta 'Txatxon' omenduko ditu Xalaparta txarangak, gaur gauean

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 24a, 00:00

Jesús Mari Zalakain Odriozola'Pipas', aspaldiko argazki batean.

Txaranga utzi berri duen Jesús Mari Zalakain 'Pipar' omenduko dute kalera atera aurreko afarian. Ondoren, Onddi tabernan egingo dute geldialdi berezia.

Urtero bezala, San Joan eguneko gaua alaituko du Xalaparta txarangak, kalez kale, 23:15etan abiatuta. 57garrenez aterako dira herriko festetan, eta Zinkoenean zezen suzkoa girotu ondoren, Kaxkoko kaleetan barrena ibiliko da. 

Kale buelta horretan, ohi bezala, geldialdi berezi bat egingo du: Zinkoeneatik Onddi taberna zenera joango dira, eta gauerdian jo eta abestuko dituzte Gu gira Euskadiko eta Xalbadorren heriotzean piezak. Horrela oroituko dituzte, urtero bezala, Iñaki Apezetxea Txatxon, Xalaparta txarangako kide eta zuzendari ohia; eta baita txarangako hildako gainerako kideak ere.

Onddi tabernakoa ez da izango, aurten, Xalaparta txarangaren omenaldi bakarra. Kalera atera aurretik izango da beste bat, berezia, Xalaparta elkartean egingo duten afarian. Bertan, Jesús Mari Zalakain Odriozola Pipar omenduko dute, Xalaparta txaranga utzi berri duena. Txarangari eskainitako urteak eskertu nahi dizkiote horrela, «musikari ezagun bezain karismatikoari».

Tolosarra izatez, 40 urte inguru eman ditu Jesús Mari Zalakainek Xalaparta txarangako kide gisa, beti bonbardinoa hartuta. Baina Xalapartan bakarrik ez, Hernaniko beste hainbat txarangatan ere aritu da: Santa Barbaran, Incansablesen eta Nekaezinaken. Duela bi urteko San Joanetan jo zuen txarangarekin azkenekoz, eta horregatik egingo dio omenaldia Xalaparta elkarteak, aurten.

Bi omenaldi horietan parte hartzeko gonbitea luzatu die Xalaparta elkarteak, nahi duten herritar guztiei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!