Berezia izango da aurten, Hernaniko Musika Bandaren San Joan eguneko kontzertua. Gaur eguerdiko 13:15etan eskainiko du, udaletxeko arkupeetan; eta aurrenekoa izango da, Manolo Sagarna bandako zuzendari ohia hil zenetik, joan den otsailean.
Zazpi pieza eskainiko ditu Musika Bandak, Jorge Pachecoren zuzendaritzapean: Grande fanfare eta Out of space, Thomas Dossenak; Enrique López, Antón Alcalderena; Coco, Eduardo Morenok Bandarako instrumentatua; 'Orgia' Danzas fantásticas, Joaquín Turinarena eta Pascual Marquinak Bandarako transkribatutakoa; 'Pilatus' Mountain of dragons, Steven Reinekerena; eta San Joan zortzikoa.
Preludioan egin zioten omenaldi berezia Manolo Sagarnari, Por una cabeza tangoarekin; eta familiak ere egin nahi izan dio aitortza, bi bertso eskainita:
Maite zaitugun denak zugana
inguratzen ginen pozez
lagunartea alaitzeko gai
zinen doinuz ta ahotsez
zure umore ta alaitasun
gizatasuna noiznahi zerizun
adeitsu ta borondatez
musikagintzan erreferente
eta eredu izatez
istorioen kontakizuna
edertzen zenuen artez
handia bezain leiala zinen
kantu, kontu, hitz eta oroimen
sendi osoaren partez
eskerrik asko bihotzez.
Zure aholku ta irakaspen
asko daude harrobian
'Kixkiyu' maite musika bandan
denek zaituzte glorian
langile fina bezain umila
ta familia baten gurpila
beti zure melodian
seme-alabek ere goia jo
zuten aitaren 'hobby'an
ta emaztea babesten da zu
ezagutzeko zorian
beti izango zaitugu gogoan
bai lehen, orain eta geroan
Hernaniren historian
eta gure memorian.