«Porrot soziala da Hernanin etxegabetze bat gertatu izana»

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 24a, 00:00

Bere ikuspuntua aditzera eman du Kaleratzeak Stop plataformak, duela aste batzuetako gertaeraren harira.

Duela aste batzuk Hernanin gertatutako etxe kaleratzearen harira, bere ikuspuntua aditzera eman du Hernaniko Kaleratzeak Stop plataformak, prentsa ohar baten bitartez. «Buelta gehiago emanda ere, gauza erreala eta irmoa da: Hernanin etxegabetze bat gertatu da», adierazi du. «Egia da hainbat aktore saiatu garela hori saihesten. Egia da konponbideak bilatu direla. Baina egia da, era berean, ez dela benetako konponbiderik eman: etxebizitza duina eta eskuragarria, behar duenarentzat. Eta arazo horren jatorria ez da gaurkoa. Zoritxarrez, garai guztietan izan dira premia haundiagoa izan duten pertsonak eta familiak, tutoretza haundiagoa behar izan dutenak. Egoera errekonozitzen jakin behar da, konponbidea emateko, kargari guztion artean eutsiz. Orain, gertaeren ondoren, ez du balio kontzientzia garbitu eta kulpak banatzen saiatzeak, gizarte osoaren ardura baita. Botere publikoek huts egin diete, haien beharra zuten pertsonei: alternatiba egokirik ote zegoen jakin gabe etxegabetzea agindu zuen epaileak, Ertzaintzak eta udalerriak. Porrot sozial baten aurrean gaude».

Horrekin lotuta, Kaleratzeak Stopek dio «inork» ez duela kon­ponduko «etxetik botatako emakumearen arazo nagusia, eta ezta etxebizitzaren jabe den familiak jasandako karga ere. Gizarte-kolektiboen borondate onak eta arazo bati aurre egiteko moduak ez lukete izan behar erantzun posible bakarra, udal zerbitzuek egindako ahalegin guztiek, nahiz eta bikainak izan, ez dutenean emaitzarik eman. Ez da lehenengo aldia, eta ez da azkena izango».

Zentzu horretan, plataformak dio arazoa «bide judizialetik konpontzera ohitutako herrialde batean» bizi garela, «ordenaren indarren eta botere polikoaren ageriko ezgaitasunaren laguntzarekin»; baina soluzio bakarra daukala: «Legearen aplikazioa, bere funts eta hedadura osoan. Horrek esan nahi du, etxebizitza egokia eta eskuragarria. Hori da botere guztien misioa, karguan jarri dituztenen beharrei erantzun nahi badiete».

 

«Zergatik ez dauka Hernanik, bere biztanleriarekin bat datorren etxebizitza sozial kopurua?»

Arazo horrekin lotuta, Kaleratzeak Stopek uste du «gaitasun propioa» behar duela Hernanik, horri aurre egiteko: «Ondorio horretara iritsi gara, eta hori da etxebizitza eskubidea defendatzen dugun plataformak eskatzen ari garena. Uste dugu herrietatik hasi daitekeela eta hasi behar dela erantzuna ematen arazo honi. Urte asko daramazkigu entzuten, etxebizitzen arloan udalek ez daukatela eskumenik, eta beste horrenbeste urte, eskatzen mantra negatibo hori gainditu eta herriarentzako berebizikoa den lehentasun horri ekiteko».

Plataformak adierazi du, «benetan etxegabetzerik gabekoa den udalerri bat» nahi duela, «etxebizitza izateko eskubidearekin benetan konprometitua. Hernanin bizi diren eta premia duten familia guztiei konponbideak emateko gai dena. Gai dena, baita ere, bere baliabideekin merkatua erregulatzeko, goragoko instantzien utzikeriarik eta dependentziarik gabe. Hernani ez da helburu hori lortu ezin duen udalerri bat. Eta aldiz, bada herri solidarioa eta sozialki arduratsua. Froga dezagun hori guztion artean. Hernaniko Kaleratzeak Stopen, uste dugu posible dela, eta horixe da gure proposamena».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!