San Joanak

San Joan eguna ospatzeko, ez dute hutsik egingo musikak, dantzak eta antzerkiak

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 24a, 00:00

Energiaz beteta hasi zituzten San Joanak atzo, Axeri dantza gaztearekin.

Goizetik hasiko da diana herria esnatzen, eta hamaika ekintza antolatu dituzte San Joan egunerako. Bihar eta etzi egingo da sokamuturra, eta Udalak arretaz jokatzeko neurriak hartzeko eskatu du.

Atzo eguerdian bota zuten txupina Herburu konpartsako kideek, eta gaur jarraipena izango dute ekintzek, San Joan eguna ospatzeko intentzioz. Goizetik hasiko dira Hernaniko Musika Bandako kideak eta Hernaniko txistulariak kaleak girotzen. Goizeko 11:00etan, berriz, ohikoa den moduan, San Joan eguneko meza nagusia ospatuko dute; eta 11:30etan, haurren danborrada irtengo da danborrak astintzera, Santa Barbara eta Etxeberri elkarteen eskutik. Danbor hotsari segida emango dio musikak; izan ere, Hernaniko txistulariek kontzertua eskainiko dute gaur eguerdiko 12:00etan plazan, eta Musika Bandaren txanda izango da 13:00etan.

Arratsaldean Nimuren bisita izango dute herriko txikiek, Jacuzzi antzerkia eskainiko baitute,  arratsaldeko 17:00etan, Urbietan. Keinu-antzerkiaren eta objektuen manipulazioaren erabilera eredugarriaren bidez, zirku-artista honek grabitatearen legeari aurre egiteko gai dela erakutsiko dio publiko hernaniarrari, soka ahul baten gainean trebetasunez ibiliz, publikoa bere mundura eramaten duen bitartean. 

Dantza solteko txapelketa ostean, Entre dos mundos antzerkiaz gozatzeko parada izango dute herritarrek. Biterin izango da, arratsaldeko 18:00etan hasita, eta oholtza gainean intepretatuko dute bidaia bat: «bi kontinenteren artean bizitzeak suposatzen duenaz. Sistema burokratiko arrazista eta gizatasunik gabea erakusten digu, entzuten ez duena, borroka nekagarri gisa planteatzen dena. Langile otzan eta maitekorrak baino nahi ez dituen lan-sistema batetik, aurreiritziz eta estereotipoz jositako gizarte-iruditeria batetik, pertsona lekurik gabe uzten duena, baina kanpokoek argi dute ez direla makinak: jakintzak, gaitasunak, nahiak eta beharrak dituzten pertsonak dira».

Arratsaldetik gauera bitartean ekintza mordoa izango dira herrian zehar, hala nola, aerorumba, manifestazioa 'Presoak kalera!' lelopean, La Jodedera, Brigade Loco eta Bad Sound kontzertuak, txarangak, zezen suzkoa eta dultzaineroak.

 
Bihar eta etzi, sokamuturra 

Biharko eta etzirako antolatu dute sokamuturra, goizeko 07:30etatik 09:00etara bitartean. Ibilbidea izango da Gudarien Plaza, Andrekale, Fleipe Sagarna 'Zapa' kalea eta kale Nagusia. Horregatik, Udalak arretaz jokatzeko neurriak hartzeko eskatu die herritarrei: «portala barrutik giltzatuta egotea, kalteak saihesteko eta bizilagunak kalera ez ateratzea ekitaldia irauten duen bitartean». Era berean, komertzioei eta lokalei ohartarazi die dagokien neurriak har ditzaten, ekitaldiak sor ditzakeen kalteak ekiditeko. Eta amaitzeko ondorengoa helarazi dute: «16 urtetik beherakoek ezingo dute San Joan jaietako sokamuturrean parte hartu, hala agintzen baitu Zezen Ikuskizun Tradizionalak arautzen dituen azaroaren 11ko 183/2008 Dekretuak».

Erlazionatuak

1-San Joanak - Ekainak 23

Kronika - Erredakzioa 2023 eka 23 Hernani

2-San Joanak - Ekainak 23

Kronika - Erredakzioa 2023 eka 24 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!