Dagoeneko ohitura den bezala, San Joan jaien bezperan eskaini zuen emanaldia Ttarla dantza taldeak; emanaldiaren beraren izenak zioen bezala, Zazpiterdietan Tilosetan. Emozioz eta erritmoz jositako dantza saioa izan zen, eta beste urte batez, plaza bete zuen Ttarlak, dantzaleku borobila osatuta haien bueltan. Ordu erdi inguruko saioan, hainbat pieza dantzatuta, ikusleen oinak eta eskuak dantzan jarri zituzten Ttarlako kideek, oharkabean; eta herritarren txalo zaparrada politak jaso zituzten. Haien umore ona kutsatu zieten bertaratuei, eta zer hoberik, herriko jaiak hasteko 16 ordu baino falta ez zirenean?