Ez da ixiltasuna izango, inondik inora, San Joan jaietako ezaugarria. Edozein motatakoa dela ere, ez da musikarik faltako bost egunez, goizetik gauera izango baitira dianak, txarangak, dantzaldiak, kontzertuak...
Dianak esnatuko du herria goizero: bihar 09:00etan, Hernaniko Txistularien eta Musika Bandaren eskutik; eta 07:00etan hurrengo hiru egunetan, Hernaniko Soinua elkarteko dultzaineroekin zein txistulariekin.
Txarangak hartuko du erreleboa goizetan, eta 11:00etan aterako dira kalera: Santa Barbara igandean, Iraunkorrak astelehenean, eta Beti Egarriak asteartean. Baina goizetan ez ezik, arratsalde zein gauetan ere izango da txaranga doinurik. Gaur gauean aterako da Urumea txaranga (01:00), eta bihar gauean Xalaparta, Txatxoni eta Pipasi omenaldi eta guzti (23:15). Igande arratsaldean bi txaranga ibiliko dira kalez kale, Zuttik (18:00) eta Incansables (19:00). Astelehenean, haur eta familientzako Txorotxaranga abiatuko da Plaza Berritik, arratsaldeko 17:30etan; eta gauean aterako da Nekaezinak (01:00). Eta asteartean, ohi bezala, Incansables txarangak girotuko du bandera jaitsi ondorengo kalejira.
Kontzertuei dagokienez, txosnetako egitarau zabalaz gain, egunez zein gauez izango dira Urbietan, Tilosetan, Atsegindegin eta Plazan. Musika elektronikoak hartuko du Atsegindegi gaur gauean (22:00), The Nord Tech elkarteak antolatuta; eta Hernaniko Musika Bandak urteroko emanaldia eskainiko du bihar eguerdiko 13:15etan, udaletxeko arkupeetan. Bihar gauean, berriz, La Jodedera talde kubatarrak joko du Urbieta kalean (22:30), eta Brigade Loco talde hernaniarraren eta Bad Sounden kontzertua izango da Plazan (23:00). Igandean, San Joan Konpartsaren eskutik, Urbieta kalera bueltan izango dira Fermin Valencia eta Revuelta anaiak, arratsaldeko 19:30etan. Eta astelehen gauean, Gatibu taldeak eskainiko du kontzertua, Plazan, 23:30etan hasita.
Horiekin guztiekin izango da gorputza mugitzeko aukera, baina bereziki dantzarako prestatutako emanaldiek ere ez dute hutsik egingo. Gaur gauean, nola ez, Laiotzek eskainiko du dantzaldia, 23:00etan Tilosetan. Igande gauean, berriz, erromeria eskainiko du Patxi eta konpainia taldeak, 22:30etan Urbieta kalean. Eta aurtengo San Joanei errematea jartzeko, beste behin, Puro Relajo taldea etorriko da: dantzan jarriko ditu Atsegindegira bertaratutako guztiak, mariatxiekin, 20:00etatik aurrera.