Ainhoa Urien eta Iñigo Legorburu irabazle, Julene Azpeitia Sariketan

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 23a, 00:00

Iñigo Legorburu eta Ainhoa Urien, Durangoko sari banaketa ekitaldian.

Aurreneko saria eskuratu zuten biek Durangon: narratiba atalean Urienek, eta poesian Legorburuk.

Protagonista izan dira hernaniarrak, Durangoko Julene Azpeitia Literatur Sariketaren 40garren edizioan. Izan ere, helduen kategorian, bertako bi egilek lortu dute aurreneko saria: Ainhoa Urienek narratiba sailean, Aireportuan lanarekin; eta Iñigo Legorburuk poesian, Zorionekoak gu? poema sortarekin.

600 euroko saria eta diploma eskuratu ditu Urienek, bikote baten harremana oinarri duen lanarekin, aireportua abiapuntu duela. Lehendik ere hainbatetan jaso du saririk Julene Azpeitia Sariketan: 2021ean eta 2022an, esaterako, berak irabazi zuen poesia sailean.

Legorburuk, berriz, 300 euroko diru saria eta diploma jaso ditu, 70 bertso exkaxeko lan laburrarekin. «Irulegiko eskuaren deskubrimentuaren ondoren, hainbestetan Sorioneku hitza entzun eta aspertzera iritsi nintzenean idatzi nuen», azaldu du egileak: «Esaten ziguten euskaldunok guztiz Sorioneku izan behar genuela, euforian bizi, zorionaren aparretan... Eta nik, eguneroko bizipoz apalaren alde egiten dut, askoz ere errealista eta osasungarriagoa denontzat». 2020an, sariketako hiru generoetan nagusitu zen Legorburu, eta 2016an ere irabazi zuen poesian.

Guztira, gazte zein helduen kategorietan, 250 lan baino gehiago aurkeztu dituzte aurtengo sariketan, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Durangoko Plateruena kafe antzokian egin zuten sari banaketa ekitaldia, eta baita luntxa ere, ondoren. Abenduan argitaratuko ditu saritutako lanak Durangoko Udalak, liburu formatuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!