Urumeako eraikinaren tokian, aparkalekua zabalik

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 23a, 00:00

33-35 plazako aparkalekua egin dute, eta asteazken iluntzetik dago erabilgarri.

Urumea Ikastolaren eraikin zaharra eraisteko lanak bukatuta, aparkalekua egin dute bertan, behin-behinean. 33-35 plazako aparkalekua da, eta asteazken iluntzetik dago erabilgarri. Zabaldu eta berehala bete zen.

Horrekin batera, kendu egin dituzte Plazan behin-behinean sortutako aparkalekuak. Beraz, ordutegiak eta arauak lehengo egoerara bueltatu dira: zamalanetarako aparkatu ahal izango da soilik, goizez. Arratsaldez ezingo da bertara ibilgailurik sartu. Ekainaren 28tik aurrera izango da hori, San Joan jaien egunetan ezingo baitira bertara
sartu zamalanetakoak ere.

Esan bezala, behin-behinekoa da Urumea eraikinaren eremuko aparkalekua. Izan ere, 2011n onartutako HAPOn,
aurreikusita dago plaza bat eta lur-azpiko aparkaleku bat eraikitzea bertan. Publikoa eta errotaziokoa izatea erabaki zuen Udal Gobernuak, eta hori bideratzeko, 1,4 milioi euroko partida dago gordeta. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!