Gipuzkoako lau t'erdiko finala gaur, Oier Alegriak

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 23a, 00:00

Oier Alegria, aurreko partidu batean.

Zumarragan jokatuko du, 19:30etan hasita, Olaizolaren kontra. Igandean, Berria Txapelketaren finala izango da Hernanin.

Gipuzkoako Lau t'erdiko Txapelketaren finala jokatuko du gaur Oier Alegria hernaniarrak, arratsaldeko 19:30etan Zumarragan. Jubenilen bigarren mailako finala izango da berea. Erronka zaila dauka Alegriak, Zumaiako Olaizolaren kontra, partidurik galdu gabe iritsi baita zumaiarra. Edonola ere, sasoi betean dago hernaniarra, eta ezustekoa ematen saiatuko da.

Oberena eta Buruzgain aurrez aurre etzi, Berria Txapelketaren finalean

Igande arratsaldean, bestalde, hitzordu garrantzitsua izango da Hernaniko kiroldegiko frontoian: Berria Txapelketaren finala jokatuko dute Iruñeko Oberenak eta Ultzamako Buruzgainek, 17:00etan hasita. Oberena izango da faborito, bere hirugarren finalean, eta 2019an txapeldun izan ondoren. Buruzgainek, aldiz, aurreneko finala du txapelketan.

Partidu parekatua espero da kadete mailan: Rekalde-Olza (Oberena) eta Aldaz-Martikorena (Buruzgain) ariko dira elkarren kontra, eta erabakigarria izan daiteke Oberenako atzelari titularraren baja. Jubeniletan, berriz, Oberenako Sarasibar eta Santesteban izango dira faborito, kategoriako bikote onenetakoa izanik. Gogotik egin beharko dute lan Buruzgaineko Barberenak eta Garañok ezustekoa emateko, atzelaria maila haundikoa izan arren.

Eta seniorretan ere, faborito dira Oberenako Canabal eta Aldabe, maila horretako bikote onena gaur egun, eta aspalditik partidurik galdu ez duena. Edonola ere, bikote ona osatzen dute Iriartek eta Olidenek (Buruzgain), eta txapelketako ezustekorik haundiena ematen saiatuko dira.

Frontoira bertaratzen diren ikusle guztien artean, Kanariar Irletara bi lagunentzako bidaia zozketatuko dute antolatzaileek, Hernani Bidaiak agentziarekin elkarlanean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!