Joan den astean bildu ziren Udaleko zenbait ordezkari, Enarak Kooperatibako, HUHEZI- Lankiko eta Olatukoopeko ordezkariak Iturolan. Izan ere, KoopFabrika Hegoaldetik sortu dute, HUHEZI- Lankik eta Olatukoopek elkarlanean, helburu zehatz batekin: tresna kooperatiboa eta ekonomia sozial eraldatzailea pertsona migratuei hurbiltzea, beren lana antolatzeko eta bizitza-proiektuak hobetzeko. Proiektuaren zertzeladak eman zituzten bertaratutakoek, ekintzailetza erdigunean jarriz, besteak beste: «kooperatibismotik, elkarri laguntzetik, lanaren autoantolaketatik eta asistentzialismoetatik urrun, sare bat sortu nahi dugu, pertsona migratuok ditugun beharrei eta zailtasunei aurre egiteko eta gizarte-ekonomia eraldatzailearen bidez gure bizitzak duinduko dituzten alternatibak bilatzeko».