Astigarragan ere San Joan gaua ospatuko dute, gaurkoan

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 23a, 00:00

22:30etan piztuko dute San Joan sua eta Astigar dantza taldeko dantzariek San Joan zortzikoa dantzatuko dute, Foru plazan.

Astigartarrek ere San Joan gaua ospatuko dute gaur arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Foru plazan. San Joan zortzikoaren dantzak emango dio hasiera ospakizunari; kalez kale ibiliko dira dantzariak, Txirriskla elkarteko txistularien eskutik. Gaueko 22:30ak aldera, San Joan sua piztuko dute, eta Astigar dantza taldeko kideek San Joan zortzikoa dantzatuko dute eta ondorengoa ohartarazi dute: «plaza erdia dantzariek erabiliko dutenez, ikusleei alboetan kokatzea eskatzen zaie». 

Gaueko 23:00etan, suzko zezenak hartuko du lekukoa eta aldi berean, txistulariek Txomin San Sebastian zenak Astigarragan jasotako Iriarena joko dute.

 

Azoka, igandean

San Joan suak itzalita, Zaporeak ekimen solidarioa antolatu dute iganderako. Joseba Barandiaran plazan jarriko dute azoka, goizeko 11:00etatik aurrera. Zaporeak ekimenarekin, Greziako Lesbos hirian dituen sukalde solidarioetarako dirua biltzeko janaria (takoak) eta elkarteko produktuak saltzeko postuak jarriko dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!