San Joanak

San Joanen aurreko ekintzak

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 23a, 00:00

Maila haundieneko xake topaketak, Hernanin

Ohi bezala, gaztetxoen zein helduen Xake Topaketak jokatu zituzten aurreko asteburuan, Hernanin. Eta sekulako maila izan zen horietan. Helduenean, 21 lagunek hartu zuten parte, eta Eli Ruiz nagusitu zen, Donostian bizi den kataluniarra, 2006an eta 2014an Espainiako txapeldun izandakoa. Iñigo Argandoña donostiarra izan zen bigarren, egungo Euskal herriko txapelduna. Haurretan, berriz, zortzi lagunek hartu zuten parte, eta Asier Ezkaik irabazi zuen, Ekai Legorbururen aurretik.

 

Aitzol Zerain lider, Hernaniko Bola Txapelketan

Aitzol Zerain, Ereñotzuko bolatokian, txapelketako aurreneko tiraldian.
 

Aurreko larunbatean jokatu zen, Ereñotzuko San Antonio jaien barruan, Hernaniko Bola Txapelketaren aurreneko tiraldia. Joxan Ormazabal izan zen onena, 34 brilarekin; eta Aitzol Zerain ereñotzuarra bigarren, 33rekin. Bera da lider Hernaniko Txapelketan, Aritz Zerainen (29), Patxi Loreaken (27) eta Ibon Minerren (27) aurretik. Gaur jokatuko da bigarren tiraldia, 17:00etan Goiz Eguzkin; eta igandean hirugarrena eta azkena, 17:00etan Benta Berriko bolatokian.

 

Debutean garaipena, Josu Maciciorrek

Josu Macicior (urdinez), atzean pankarta duela: 'Beldurrik gabe, egurra Josu'.
 

Boxeo belada ikusgarria prestatu zuten aurreko ostiralerako, bederatzi borrokarekin. Eta horietako batean, debuta egin zuen Josu Macicior hernaniarrak, Oier Esnaolaren kontra. Garaipena lortu zuen Maciciorrek, gainera, gertukoen eta bertaratutako herritarren babesarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!