Gaurtik ekainaren 27ra arte, herriko txikiek jolaserako, kanturako, dantzarako eta entretenitzeko tartea izango dute, antolatutako ekintzekin. Gaur, goizetik hasiko dute eguna herriko haurrek, Urumea ikastolak antolatutako 44. marrazki eta pintura lehiaketan. Goizeko 09:00etan hasiko dute lehiaketa, eta jarraian gazteen azeri dantzak hartuko du lekukoa. Horrez gain, Hernani Musika Eskola Publikoko ikasleek ere emanaldia eskainiko dute kalez kale erraldoi eta buruhaundiekin batera.
Bihar, Santa Barbara eta Etxeberri elkarteen haur danborrada irtengo da kalera, goizeko 11:30ak aldera. Eta arratsalderako, Ni mú konpainiak Jacuzzi zirku ikuskizuna eskainiko du Urbieta kalean, arratsaldeko 17:00etan hasita. 19:30etan, berriz, Jenny Perlazak hartuko du lekukoa eta aerorumba saioa eskainiko du haur, gaztetxo zein helduentzat, Urbieta kalean. Gauean, haurren eta gazteen atzetik ibiliko da zezen suzkoa, Zinkoeneako plazan zehar.
Ekainaren 25ean ez dute aspertzeko tarterik izango txikiek, izan ere, goizeko 10:00etan, haurrentzako parkea jarriko dute Atsegindegin eta txu-txu trenak, herriko zenbait txoko zeharkatuko ditu, Latsunbetik hasita. Eguerdiko 12:00etan, berriz, Herburu elkartearen eskutik erraldoi eta buruhaundien konpartsak hartuko ditu kaleak. Arratsaldean, Adabaki klown ikuskizunaz gozatzeko aukera ere izango dute hernaniar txikiek etzi arratsaldean, Bapatean Zirko taldearen eskutik, Urbietan.
Ekainaren 26an, erraldoi eta buruhaundien konpartsa irtengo da ohiko orduan, eta eguerdiko 13:00etan, Otempodiz dantza ikuskizuna eskainiko du Ertza konpainiak, Ezkiaga pasealekuko frontoian, adin guztientzat zuzendutako emanaldia dela aitortu dute konpainiakoek. Era berean, arratsaldean Txorotxarangak, haur eta familientzako elektrotxarangak, gorputzak mugimenduan jartzeko abestiak joko dituzte, herriko kaleetan barrena, Plaza Berritik aterata.
Gauerako, herriko gazteei zuzenduta, 'Su festa!' antolatu du Gaztelekuak. DJ lanetan ariko dira Gorane eta LaMiaMari hernaniar gazteak, Tilosetan. Arratsaldeko 20:00etatik 22:00ak arte iraungo du emanaldiak.
San Joanei amaiera emateko, haur kategoriako 44. marrazki eta pintura lehiaketaren sari banaketa antolatu dute, goizeko 11:00etarako, Biterin. Eta bazkal aurretik, Circo Choscok hartuko dute lekukoa, OH, Pera! ikuskizuna eskaintzeko, Urbieta kalean. Gauean, gazteek Su danborrak ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute, Deabru Beltzak taldearen eskutik eta ohartarazi dute arropa zaharrekin bertaratzeko: «piroteknia erabiltzen duen ikuskizun ibiltarian parte hartzeko, arropa zahar bakeroa eta buruko estalkia eramatea gomendatzen dugu».