Hernaniko Txosna Batzordea, Koordinadora Feminista, AMHER, Udala eta tabernetariak bildu ziren astelehenean, San Joanetan jarriko duten eraso sexisten aurkako protokoloaren nondik norakoak azaltzeko: «Ezinbestekoa da erasoen prebentzioan eta erantzunean denok konpromiso hartzea, eta horregatik aurreko urteetan egindako lanari aurten berrikuntzak gehitu dizkiogu».
Aurkezpenean, hasieratik utzi zuten argi bertaratutako eragileek, indarkeriarik gabeko jaien alde egingo dutela aurten ere, San Joanetan: «Festak gizarte baten egituraren eta herri bate nortasunaren adierazle dira. Gaur egun, jaiek eta tradizioek, jendarteko ordena erreproduzitzen dute, eguneko hierarkiak, botere harremanak, rol banaketak… hau da jaietan ere egunerokoan ematen diren zapalkuntza eta diskriminazioen adierazle oso nabarmenak dira. Tradizio eta ohiturek ez dute izan behar zurrunak eta geldirik dauden zerbait. Jendartearen eraldaketarekin batera eta norabide berdinean joan behar dute. Jendartean eman nahi ditugun aldaketak ere, gure herriko festen isla izan behar dute; jaietan ere kultura birsortu eta aldatzeko gaitasuna dugulako.
Jaiak denontzako gozagarriak eta seguruak izatea nahi dugu, hori da gure aldarrikapena aurtengoan ere. Izan ere, jai eremu eta egunetan, intentsitate ezberdinetako erasoak sarriago gertatzen dira; hala matxistak nola arrazistak; irainak, ukituak, eraso fisikoak, bortxaketak… Ozen eta garbi adierazi nahi dugu, ez dugula onartuko jaiak erasotzaileen eta diskriminatzaileen aterpe bilakatzerik; kontsumo ezberdinen justifikazio eta aitzakipean».
Gune morea, 24 orduz telefonoa eta brigada
24 orduko telefono zerbitzu bat eskainiko dute San Joanetan, erasoak salatzeko edota erasoen aurrean laguntza eskatzeko; ondorengoa da zenbakia: 688 685 164, eta Emagin elkartekoak kudeatuko dute telefono hau. «Hori guztia ikuspegi feministatik egitea oso garrantzitsua dirudigu», aitortu dute. Telefono zerbitzua ekainaren 23an jarriko da martxan, arratsaldeko 18:00etan, eta ekainaren 28ra arte iraungo du, goizeko 08:00ak arte, hain justu.
Telefonoaz gain, indarkeria sexistarik gabeko informazio gunea jarriko dute Ezkiaga pasealekuan, urtero moduan. Gune honen helburua da, «herritarrak indarkeria sexistaren gaiaz kontzientziatzea, informazioa ematea eta telefonoaren berri ematea». Gune hau egongo da gaur, bihar eta etzi, arratsaldeko 18:00etatik gaueko 22:00etara bitartean.
Aurtengo jaietako berrikuntza izango da brigada. Gaur eta ekainaren 25ean, mugimendu feministako kideek jaietako arratsaldeetako lehen orduetan erronda bat egingo dute tabernetatik, erasoen inguruan jarduteko eta protokoloaren berri emateko.