Urte osoan zehar herria esnatzeko erantzukizuna dute diana osatzen duten txistu, danbolin eta atabal joleek. San Joan jaietan bide berdinetik jarraituko dutela aitortu dute, lo dagoena esnatuz, eta oraindik esna dabilena dantzan jarriz.
Txistulariez ari garen honetan, Hamelingo txistularia ekarriko dugu gogora, aski ezaguna dena. Honi buruzko kondaira bat ere bada, Grimm anaiek jasotakoa, eta ondorengoa kontatzen du: Hamelingo txistulariak txirula jotzean, xaguak agertzen ziren ixkina guztietatik, txistulariaren doinuak erakarrita. Badu Hernanirekin lotura txiki bat ezta? Diana kalera atera orduko, herritar mordoa gerturatzen dira musikarien ingurura, dianaren doinuak lilulaturik. Gaurtik, beraz, San Joan jaietan murgilduta, izango ditugu herriko xagu txiki, gazte eta helduak, kalean bueltaka, dianaren hotsei segika.
Ekainaren 24an, 25ean, 26an eta 27an dianak
Bihar, Hernaniko Txistulariak eta Hernaniko Musika Bandak hartuko dute batuta, San Joan jaietako aurreneko diana joz. Goizeko 09:00etan irtengo dira plazatik, Mendirik Mendi doinuaren airera, Jorge Pachecoren zuzendaritzapean. 75 urte bete dira aurten Hernanin, Mendirik Mendi diana jotzen hasi zirenetik eta Pachecok ohiturak gogora ekarri nahi izan ditu: «Guretzako oso berezia izaten da, eta aurten are eta gehiago; izan ere, aurten betetzen dira 75 urte Hernanin Mendirik Mendi diana jotzen hasi zirenetik, eta horretan jarraitzen dugu. Geroztik mantendu da urtero eta oso berezia izaten da guretzat, guk sentitzen dugu herriko doinua balitz bezala. Berez, ez da herrikoa, garai batean moldatu egin zuten, bai letra eta baita musika ere. Baina egun, herriko kantutzat dugu Mendirik Mendi. Aurten gainera aterako dira gurekin Hernaniko Gazte bandako neskak eta mutilak, eta denok elkarrekin ibiliko gara kalean barrena».
Bihar, Hernaniko Txistulariek eta Hernaniko Musika Bandako kideak goizean goiz hasiko dira herritarrak esnatzen, eta gainera aurten, berrikuntza batekin datozela aitortu du Pachecok. Urtero moduan plazan hasiko dute eta osatuko duten ibilbidean, geldialditxoa egingo dute Sandiusterrin: «aurreneko aldia izango da. Urtero udaletxetik irteten gara eta Ansorenatarren etxeraino joaten gara, bertan geldialdia eginez. Aurten ordea, Sandiusterrira joango gara, egoiliarrek merezi dutelako, herriko helduak maite ditugulako. Bandako kideak eta txistulariak ikustea ilusio egingo diete, seguru gaude».
Hala ere, herriko helduak ez dira biharko diana entzungo duten bakarrak izango, izan ere, badira dianari segika jarduten duten herritar ugari: «adin guztietako entzuleak dauzkagu. Askotan da egunaren arabera, aurten gure diana bihar da, larunbatean, beraz, aurreikusten dugu jendea egongo dela, hala nola, gaupaseroak, goizean goiz esnatutakoak, haurrak… Horrez gain esan beharra dugu, diana barrutik berezia dela, edo modu berezi batean bizitzen dugula. Ohitura bilakatu da eta zerbait goxoa da, herritarren artekoa».
Bihar, beraz, hitzordu garrantzitsua dute herritarrek; goizeko 09:00etan irtengo dira Hernaniko Txistulariak, Musika Bandarekin batera Mendirik Mendi doinuak joz, plazatik, eta herriko kaleak zeharkatu ostean, Sandiusterriko egoiliarrak bisitatuko dituzte, ibilbidea plazan amaituz.
Hernaniko Soinua elkarteko dultzaineroak, berriz, bi egunez irtengo dira kalera, etzi eta 26an. Goizeko 07:00etan irtengo dira herriko kaleak esnatzera eta girotzera.
San Joan jaietako azken egunean, Hernaniko txistularien diana irtengo da, hilaren 27an, hain zuzen ere. Berezia izan ohi da herriko jaietako azken eguneko diana, «batez ere, gaupaseroentzat», hala aitortu dute behintzat, Hernaniko txistulariek. Herriko txistulariek diote igandeetako dianak baino lasaiagoak izaten direla: «Azken egunekoa gainera bereziagoa da, ez dakit azkena delako izango ote den. Egia esan atzetik etortzen da jendea eta hori guretzat ederra da, etortzen dira gaupaseroak, etxetik atera direnak goizean goiz... Eta balkoietara ere irteten dira herritarrak». Dianara adin ezberdinetako herritarrak gerturatzen direla nabarmendu dute txistulariek: «ez dago adin tarte zehatzik, etortzen zaizkigu oso gazteak direnak, helduak.... denetatik izaten dugu».
Azken eguneko kartutxoak gastatzen dituzte 27ko dianan, eta txistulariek, barrutik nola bizi duten azaldu dute: «barrutik oso ondo bizitzen da, kanpotik ondo bizitzen ari badira. Kontutan hartu behar dugu, parrandero asko etortzen direla gurera, eta momenturen batean gatazka txikiren bat sortu daitekeela, baina izan denetan, oso txikia izan da, hika-mika txiki bat. Gainontzean, oso ondo, gure azkeneko diana izanda nekatuta gaude, San Joanetako erritmoagatik, baina barrutik esan beharra dut oso gustura bizitzen dugula. Gu saiatzen gara ondo pasatzen eta ondo pasarazten!».
EGITARAUA
DIANAK SAN JOANETAN
BIHAR 09:00 Mendirik Mendi doinuaren airera. Hernani Txistulariak eta Hernaniko Musika Banda
ETZI 07:00 Hernaniko Soinua elkarteko dultzaineroekin
EKAINAK 26 07:00 Hernaniko Soinua elkarteko dultzaineroekin
EKAINAK 27 07:00 Hernaniko txistulariekin