Txapelketak, kontzertuak, txarangak, bertsoak, brindisa, otorduak... Denetarik egiteko aukera izango da Hernanin, gaurtik asteartera arte. Goizean goiz hasiko dira lehenengo ekintzak, marrazki lehiaketa eta gazteen azeri dantza izango dira goiztiarrenak; baina jaiak ez dira eguerdiko 12:00ak arte hasiko. Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako ordezkarien ardura izango da txupinazoa botatzea, eta 'Hernani' Musika Eskolako musikariek girotuko dute Kaxkoa segidan.
Arratsaldean ere aukera zabala izango dute hernaniarrek. 17:00etan tiro lehiaketa egingo dute Txantxangorri elkartean, bola jokoa Goiz Eguzkin, eta Akelarre Txikia irtengo da Paradorretik; 18:30etan hasiko da Akelarrea, leku beretik.
Abesbatzei dagokienez, 18:00etan kontzertua eskainiko dute Urbietan Kantuzek eta Ozenkik, eta San Joan erronda egingo du Ohitura Zaharrak abesbatzak Kaxkoan. Bestalde, zain daudenentzat, arratsaldeko 19:00etan irekiko dituzte txosnak. Arratsaldea amaitzeko, beste hiru ekitaldi izango dira 20:00etan; Salbe Nagusia San Joan Bataiatzailearen parrokian, San Joan erronda Musika Bandarekin Kaxkoan, eta Akelarreko antzerkia Gudarien plazan.
Gaua iristearekin batera, San Joan suak hartuko du Gudarien plazako protagonismoa, herritarren aurreskuarekin eta San Joan kantaitarekin batera. Ondoren, musikaz gozatzeko aukera desberdinak izango dira: musika elektronikoa Atsegindegin, Laiotz taldearekin dantzaldia Tilosetan, Santa Barbara elkartearen danborrada eta Urumea Txarangaren irteera erdigunetik.
Beraz, gaurtik asteartera arte egunero izango da festaz eta giro alaiaz gozatzeko aukera, Hernaniko kaleetan.