San Joanak

«Konpartsaren parte izan den jendea eta kide berriak lotu nahi ditugu txupinazoan»

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 23a, 00:00

Estebe Atorrasagasti, Aitor Aiestaran 'Notayo' eta Amaiur Velez, Kronikarako elkarrizketan.

75 urte igaro dira Hernanin erraldoiak lehenengo aldiz atera zirenetik, eta 25 urte egungo erraldoiak eta buruhaundiak sortu zituztenetik. Mugarri hauek kontuan hartuta, txupinazoa botatzeko ardura izango dute egungo kideek; haien artean daude Estebe Atorrasagasti, Amaiur Velez eta Aitor Aiestaran 'Notayo'. 

Nola jaso zenuten albistea?

Sorpresaz! Ez genuen espero. Bagenekien aurten 25 urte betetzen zituztela Joxe Mari eta Mari Karmen erraldoiek, baina ez genekien 75 urte betetzen zirela lehenengo erraldoiak atera zirenetik. Egia esan, aitortza baten modura bizi dugu, herriko eragile bat gara, eta aurreko urtean egin genuen belaunaldi aldaketarekin jendea gustura sumatzen dugu. Oso pozik gaude. 

 

Zeintzuk igoko dira Udaletxera?

Konpartsako kide guztiak igoko gara, baina gutxi batzuk hitz egingo dute. Bi kide banderen arduradunak izango dira, batek suziria piztuko du eta azkenak mezu bat irakurriko du. Testu txiki bat prestatu dugu, esan nahi ditugunak esateko. 

Bestalde, garrantzitsua iruditzen zitzaigun orain arte parte hartu duten pertsonak ere egotea. Ez da bakarrik egungo konpartsari egin dioten errekonozimendua, aurreko kide guztiek ere merezi dute aitortza, egindako lan fiñagatik. Azkeneko 25 urteetan aritu direnek, batik bat; Kriskitiña Dantza Taldeak hartu zuenetik, tarte horretan egindako lanak aitortza merezi du. Batzuk bertan izango ditugu, garai bakoitzeko arduradun nagusiak izan direnak. Gure asmoa da lotzea orain arte konpartsa osatu duten pertsonak eta orain sartu den jende berria. 

Beraz, denetarik egongo da gaur udaletxean: konpartsa jada utzita daukan jendea eta egun konpartsako kide direnak. Jarraipen irudi hori da eman nahi duguna. 

 

Zer mezu bidali nahi diozue herriari?

Bidali nahi dugun mezua bi zatitan banatzen da. Alde batetik, eskertzaren eta aitortzaren zatia dago. Urte bat bete da lekukoa hartu genuenetik, aldaketak egin ditugu, baina aurrekoek egindako lana eskertzea dagokigu. Bestetik, Herri Mugimenduko eragile garen heinean, jai ereduari buruzko mezuak ere igorri nahi ditugu. 

Hiru mugarri aipatu dituzue: 75 urte, 25 urte eta urte 1. Azken urtearen zer balorazio egiten duzue? 

Lehengo konpartsak modu automatikoan funtzionatzen zuen, beste antolaketa batekin. Azken urtean hori aldatu dugu; lehen bilatzen zen jendea jaietan bakarrik ateratzeko, ibilbideak motzak ziren, dantza bakarra egiten zuten...  Orain talde bat sortu dugu, urte guztian funtzionatzen duena. Egia da ez garela askoz ere gehiago ateratzen, baina talde izaera eman diogu konpartsari. Jende berri asko sartzen ari da, eta jende berri horrek protagonismoa eta ardurak hartu ditu konpartsaren dinamikan. Zentzu horretan egin dugu aldaketa haundiena, herri mugimenduetan eragile aktiboa izatera pasa gara, horrek suposatzen duen guztiarekin. 

San Joanetako irteerak prestatzeko, zein da Konpartsaren aurrelana?

Hasteko, entseguak. Normalean astean behin edo bitan elkartzen gara, martxaren eta dataren arabera. Gainera, irteera bat prestatzeak eskatzen du erraldoien jantziak garbitzea, esaterako. Koordinazio lan haundia da, batik bat; ardura banaketa, zerrendak egitea, musikariekin eta udaletxearekin koordinatzea... Zorionez, jende asko gara taldean, eta dena ondo antolatu behar dugu kide guztiak eroso sentitu daitezen. Gainontzekoan, San Joanetan nahiko markatuta dago egin beharreko lana. 

 

Zenbat pertsona mugitzen dira San Joanetan Herbururen bueltan? 

Gutxienez 25 pertsona mugituko ditugu jaietan, 25etik 30era. Gainera, gehienek beste lan batzuk ere badituzte San Joanetan, eta ondo antolatu behar izaten dugu txanda bakoitza norekin bete. 

 

Berritasunik badaukazue aurten?

Ibilbidean ez; lehengo urtean sortu genuen bide berritua mantenduko dugu, luzatu genuena. Dantzei dagokienez, aldiz, koreografia berri bat prestatu dugu.

 

Alde ilun bat ere badu erraldoi eta buruhaundien irteerak: kantu iraingarriak...

Bai. Oihuen eta barrikaden jolasak betikoak dira, eta beti sortu da giro ona gaztetxeoen eta buruhaundien artean. Pasatzen ez uztea, buruhaundiek jotzea, barrera irekitzea, oihu batzuk... Ez da hori gaitzesten duguna. Kontua da azkeneko urteetan, eta azken urtean bereziki, jarrera aldaketa bat nabaritu dugula. Gaur egun ikusten ditugu gazte edo ume asko Konpartsaren lana oztopatzera etortzen direnak. Batzuetan konpartsakideek sartu behar izan dute jarrera txarrak moztera, eta guk indarrean sartu behar izatera iristea oso tristea iruditzen zaigu. 

Argi diogu, ez dugu horrelako jarrera eta girorik nahi, ez delako erosoa inorentzat. Jarrera horri, gainera, gehitu behar zaizkio oihu homofoboak, besteak beste. Herri Mugimenduko eragile garen heinean, ardura daukagu kontzientzia eta balore batzuk zabaltzeko; ez da bakarrik egin nahi dugula, ardura ere badaukagu. Beharrezkoa iruditzen zaigu nabarmentzea gisa horretako irainak gaitzesten jarraituko dugula. 

Hitz egin dugu aurrekoaz eta oraingoaz. Etorkizunera begira, zer?

Helburu nagusia herriko dinamiketan parte hartzen jarraitzea da, horretan sakontzea eta herriaren parte izatea. Orain egiten ari garen bidean sakondu nahi dugu, herriko jendea erakartzeko eta talde haundi bezain osasuntsu bat sortu ahal izateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!