Zuntz optiko bidezko telekomunikazio sarean aurrerapausoak eman ditu Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 22a, 00:00

Nafar kalean hasi zituzten lanak.

Martindegi auzoan dagoeneko martxan dago zuntz optiko bidezko telekomunikazio sarea eta Alde Zaharrean lanak hasi berri dituzte.

Ikusirik telefonia operadore pribatuek landa guneetan eta hainbat herrietako alde zaharretan ez dutela zuntz optikoa zabaltzen, horrek dakarkien errentagarritasun txikiarengatik (erabiltzaile potentzial gutxi, suposatzen duen kostuarekin alderatuta), Hernaniko Udala, EH KOM irabazi asmorik gabeko kooperatibarekin lankidetzan, zuntz optiko sare publikoa Hernanin hedatzeko pausuak ematen hasi da.

Udalak 2022ko otsaileko udalbatzarrean hartu zuen erabakia. Arduradun politikoen esanetan, «Hernaniko herritar guztiek baldintza berak izan behar dituzte telekomunikazioetarako sarbidea izateko eta Udalak aktiboki parte hartu behar du oinarrizko eskubide hori bermatzeko».

Zentzu honetan urtebetean urratsak eman dira. Martindegi auzoan martxan da dagoeneko zuntz optiko sarea eta orain Alde Zaharrean hasi dituzte lanak. Urtea amaitu baino lehen bukatzea aurreikusten da.

Martindegin eta Alde Zaharrean, sarearen izaera librea eta irekia denez, herritarrek aukera izango dute zerbitzua nahiago duten operadorearen bitartez jasotzeko.

Bi egitasmo horien bidez beraz, oraindik ere Hernaniko gune batzuetan pairatzen den arrakala digitalari aurre egin nahi zaio. Izan ere, «Internet sarbidea funtsezko erreminta bilakatu da herritarren oinarrizko eskubideak egikaritzeko eta egunerokoan beharrezkoak diren hainbat kudeaketa burutzeko», diote Udaletik.

Eskubide horiek bermatzeko Udalaren eta EH KOMen ustez, «beharrezkoa da bertatik bertara kudeatutako azpiegitura burujabeak eraikitzea, eta enpresa multinazional haundiekiko menpekotasuna apurtzea, merkatuaren etekin-logikak ez baititu herritarren beharrak lehenesten».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!