PSE-EEk salatu du presoen aldeko manifestazioa programan sartu izana

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 22a, 00:00

Ricardo Crespo bozeramailearen esanetan San Joanetako ekitaldi gisa agertzea «onartezina» da.

Hernaniko Alderdi Sozialistak salatu du presoen aldeko manifestazio bat programatutako ekitaldien parte izatea eta jaietako ekitaldi gisa agertzea San Joanetako programazio ofizialaren barruan. Ricardo Crespo PSE-EEko bozeramailearen ustez, gertaera hori «onartezina» da, Udaleko batzordean jaien programa jorratu zenean adierazi zuen bezala.

«Hasteko, San Joan jaiek urtero jasaten duten politizaziotik urrun egon behar dute», esan du, Hernanin sentsibilitate ezberdinak dauden arren, hernaniar batzuek PSE-EEri euren «ezinegona» helarazi diotela aitortu ondoren, Udalak argitaratutako egitarau ofizialaren barruan horrelako ekitaldiak jaso direlako.

Bestalde, PSE-EEk adierazi duenez, «sozialistok tristetu egiten gaitu eta min haundia ematen digu Hernaniko herritar guztientzat izan beharko liratekeen egitarau eta festetan sentsibilitate zehatz bat lehenesteak. Aitzitik, herritar batzuk baztertuta sentitzen dira horrelako gauzak gertatzen direnean».

Adierazi du, halaber, «hernaniarrak ere minduta sentitu direla aurten ere hau ikustean. Geure buruari galdetzen diogu ea benetan aurrera egiten ari garen bizikidetzan. Ez dugu ulertzen biztanleriaren zati batek bere ezinegona jasan eta isildu behar izatea beste modu inklusiboago batean egin daitekeenean».
Azkenik, Crespok elkartasuna eta babesa helarazi die terrorismoaren biktimei, eta garai berriaren alde benetan lan egiteko aukerak galtzea deitoratu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!