Ekhi Osesek Gipuzkoako Talentuen txapelketa irabazi du Villabonan

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 21a, 00:00

Finalean 18-13 garaitu zuen Etxaniz azkoitiarra eta CD Hernaniren 11garren txapela da.

Ekhi Oses infantil hernaniarrak irabazi berri du Gipuzkoako Talentuen Txapelketa infantil mailan. Txapelketa honetan, bere mailako 10 pelotari gipuzkoar onenek parte hartu dute. Villabonan jokatutako final gogor batean, 18-13 irabazi zion Etxanizi (Azkoitia), eta hortaz partidurik galdu gabe eta txapelarekin amaitu du txapelketa.

Oso partidu lehiatua izan zen, baina hernaniarrak aldea markatu zuen tantoak bukatzeko orduan, hobe aritu zen horretan. Hauxe da C.D. Hernani taldeko pelotariek denboraldi honetan irabazten duten 11. txapela.

 

San Joan Torneoa

Harmailak jendez gainezka zeudela, larunbat arratsaldean Hernanin jokatu ziren San Joan Torneoko finalak. Bertan, C.D. Hernaniko 73 pelotarik hartu dute parte, baita Urnietako bikote batek, Villabonako beste batek eta Aranoko pelotari batek ere, 9 kategoriatan jokatu da txapelketa.

Finaletako emaitzak ondokoak izan ziren: jubeniletan, Oier Alegria 18 Unax Manterola 13; kadeteetan, Ekhi Oses 18 Aimar Zabala 5; infantiletan, Oier Arsuaga 18 Imanol Ormazabal 5; alebin federatuetan, Xuhar Hernandez 16 Markel Madina 12; alebinetan pelota eskolan, Muxika-Elosegi 16 Kortabarria -Altuna 12; benjaminetan pelota eskolan, Arruarte-Santa Kruz 16 Mitxelena-Mendizabal 3 eta azkenik, Iglesias-Altuna 16 Gaztelumendi-Larrea 13. 

Antolatzailearen esanetan, «egun hau denboraldiko politena da Hernanin pelotaren alde lan egiten ari garenontzat, sortzen den giroagatik, sariak jasotzean parte-hartzaile guztien emozioarengatik eta, batez ere, denboraldiko gure lan guztia laburbiltzen duen azken argazkiarekin gozatzen dugulako».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!