Tokiko elikagaiak eta gizarte inklusioa uztartzen ditu Bertatik enpresak

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 21a, 00:00

Aurkezpena Ibaiondo poligonoan izan zen eragile eta instituzioetako arduradunekin.

Gizarteratze eta laneratze enpresaren aurkezpena egin zuten atzo Ibaiondo poligonoan. Elikagai osasuntsuak eta inklusioa oinarri ditu egitasmo gastronomikoak.

Bertatik izeneko gizarteratze eta laneratze enpresa aurkeztu zuten atzo Ibaiondo poligonoan. Zabalduz kooperatiba eta Fede Pacha & Co enpresek sortutako lankidetza proiektua da. Garaiko eta tokiko elikagai osasuntsuak eta gizarte inklusioa uztartzen ditu proiektu gastronomiko berritzaileak.

Bertako elikagaiak Gipuzkoako etxe, enpresa edota jantokietako mahaietan geroz eta presenteago egotea du helburu. Baina ez hori bakarrik. Gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonen gizarteratze eta laneratzea erraztuko du. Honela, Gipuzkoak dituen bi erronka nagusiri erantzuteko konpromisoa hartu du.

Alde batetik, lurraldeko elikadura sistema iraunkor eta burujabea sustatzea, tokiko ekoizle eta elikagaien aldeko apustua eginez. Janari goxo eta erakargarriak sukaldatzeaz haratago, tokiko eta garaiko janari jasangarri eta osasuntsuak ekoitziko dituzte, gizartearentzat, ekoizleentzat eta planetarentzat bidezkoak direnak.

Eta, bestetik, gizarte inklusioan eragitea. Gipuzkoan gizarte bazterketa egoeran dauden pertsona asko daude oraindik eta, enpresa proiektu honen bidez, pertsona horien inklusio soziolaborala erraztuko da, pertsonak formatuz eta sektoreko profesional bilakatuz.

 

Hiru zerbitzu eskainiko ditu enpresak

Irabazi asmorik gabeko enpresa de Bertatik eta hiru zerbitzu eskainiko ditu: Bertako tupper norbanako eta enpresentzat zerbitzua, elikagaien eraldaketa eta jantokien kudeaketa. 

Ainhize Vitoriak azaldu zituen: «Sukaldatzeko denbora gutxi eduki arren, modu ekonomiko batean, garaiko eta tokiko elikagaien alde egin dezakezu elikadura osasuntsu bat bermatuz Bertako tupper zerbitzuaren bidez, norbanako zein enpresen elikadura beharrei modu pertsonalizatuan erantzuten diegu, zerbitzu malgu bat eskainiz».

«Elikagaien eraldaketan tokiko nekazari nahiz abeltzainek ekoiztutako lehengaiak (barazkiak, haragia, esnea...) eraldatu eta balio erantsi haundiagoko elikagaia bilakatzen ditugu. Zerbitzu hau tokiko ekoizleei zein elikagaien sektoreko bestelako enpresa edo erakundeei zuzenduta dago». 

Azkenik, «sukaldea edota jantokia duten erakunde eta enpresei zuzendutako zerbitzua da. Bezeroaren behar eta nahien arabera, sukalde eta jantoki zerbitzu integrala eskaintzen dugu, eguneroko menu osasuntsuen diseinutik hasita, menua zerbitzatzeraino». 

2023an 6,5 lanpostu sortuko ditu Bertatik enpresak. 2024an 11 lanpostura iritsi nahi du eta 2025ean 13 lanpostura. Lanpostu horiek gizarte bazterketa egoeran eta zaurgarrienak direnek beteko dituzte, inklusioa indartuz. Hiru urtetarako izango da gehienez lanpostua.

 

Instituzioen laguntza beharrezkoa izan da

Instituzioen laguntza ere eskertu zuten. Bertan izan ziren Hernaniko Udaleko ordezkariak Xabier Lertxundi alkatea buru zela, Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politika diputatua eta Jose Luis Mayoz, Lanbideko lurralde-bulegoko arduraduna. Horietaz gain, bertan izan ziren beste hainbat erakundetako ordezkariak ere: kutxa Fundazioa, Beterri-Buruntza eskualdeko politikari eta teknikariak, 3. sektoreko entitateak eta Gizatea, Euskadiko laneratze enpresen elkartea.

Xabier Lertxundi izan zen lehenengoa hitza hartzen eta nabarmendu zuen eragile ezberdinen arteko elkarlana «oso pozik gaude eta lanketa haundia egin da. Lehenengo sektorea indartu eta ekoizpenetik kontsumorako transformazioa nola gertatu den ikusi dugu. Herriko eragileak batuta, hasi besterik ez da egin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!