'Bitartean folk & Band' lan berria, kalean

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 20a, 00:00

Hernani Musika Bandarekin elkarlanean kaleratu dute diskoa. 

Bitartean Folk taldeak azken urteetan sortu eta bildutako doinu nahiz hitzak formatu haundira egokitu ditu, Hernaniko Musika Bandarekin batera eta disko berria kaleratu dute. Lehen laukotean jotzen zituen doinuak moldatu eta banda haundirako egokitu dituzte. Jagoba Astiazaran eta Eduardo Moreno konpositoreak izan dira doinu hauek moldatu dituztenak, lehen taldeak jotzen zituen kantuei beste kolore eta distira bat emanez.

Grabaketak Elkar estudioan egin ziren apirilean eta diskoaren maketazio nahiz ilustrazioak Ane Arsuagak egin ditu.

Musikari dagokionez, 12 doinu grabatu dira: 8 bandarekin eta 4 laukotean. Bandarekin grabatutakoak lehendik sortutako doinuak dira, eta Euskal Herria eta Argentina arteko ibilbide nahasketak dituzte oinarri. Bi herrialdeetako doinu, melodia eta erritmo jolasak entzun ahal izango dira diskoan. Beste 4ak, berriz, bi konposizio berri eta beste bi moldaketa dira. Moldaketak Astor Piazzollaren bi obra dira, eta beste bi konposizioak, taldekideek sortutakoak.

Proiektu honetan, Bitartean Folk taldeak bidelagun izan du Hernaniko Musika Banda. Berau izan da lan hau prestatu eta grabatzeko ardura hartu duena. «Azpimarratzekoa da lan hau herri mailako proiektu gisa gauzatu arren, lortutako emaitza profesional mailakoa izan dela, eta gure esker ona eta zorionak helarazi nahi genizkioke banda guztiari, eta, bereziki, honen zuzendari Jorge Pachecori», adierazi dute Bitartean taldeko kideek.

 

Diskoa eskura 24an Plazan eta sare sozialen bidez

Bitartean folk talde hernaniarraren hirugarren diskoa den hau erosteko aukeren berri sare sozialen bitartez emango du taldeak eta dagoeneko eskuragai dago. Musika Bandak, San Joan egunean, ekainaren 24an, plazan eskainiko du kontzertua, 13:15etan, Bitarteanekin grabatutako abestiak entzungo direlarik. Gainera, taldeko kideak Plazan bertan izango dira, postu batean, diskoak saltzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!