'Hernanin' plataformak kanpaina berria abiatu du

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 20a, 00:00

Udara osoan izango da martxan kanpaina eta ostegunero bi produktu ezkutu berri jarriko dira.

Hernaniko Udalak eta Berriak merkatari elkarteak kanpaina berria abiatu dute herriko saltokietan erosketak sustatzeko. Astero, bi produktu ezkutu egongo dira hernanin.eus atarian eta horiek bilatu behar dira.

Gainerako produktuetan ez bezala, produktu horien argazkietan proiektuko logoa duen euskarriren bat agertuko da. Plataformara sartu eta produktuen artean bereizitako horietakoren bat topatzen duten herritarrek 20 euroko balioa duen erosketa-txartel baten zozketan parte hartuko dute, produktua topatu duten saltokian erabiltzeko, hain zuzen ere. 

Produktuaren eta topatu duten saltokiaren izenak bidali 
688 607 838 zenbakira

Kanpaina pasa den ostegunean hasi zen eta uda osoan zehar egongo da martxan, erosketa-txartelak agortu arte. Ostegunero 2 produktu ezkutu berri jarriko dira eta zozketan parte hartu nahi duten herritarrek produktuaren eta topatu duten saltokiaren izenak bidali beharko dituzte 688 607 838 telefono zenbakira dagokion asteko osteguneko 12:00ak baino lehenago.

Hernanin, herrian martxan jarri den proiektu berritzailea da. Herriko saltokien erakusleiho digitala da eta, bertan, Hernaniko denden produktu eta zerbitzuen eskaintza bateratua aurkitu daiteke. Azalera haundiek eta interneteko banatzaile erraldoiek proiektu ekonomiko txikietan duten eraginaren aurrean, egitasmo honek batasuna erakutsi nahi du, baita topatu daitekeen aukera anitza.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!