«Gerta daitekeenarekin kezkatuta», komunikatua zabaldu du Herburu Hernaniko Erraldoi eta Buruhaundien Konpartsak, San Joan jaien atarian: «Ate joka dauzkagu San Joanak, eta haur, gazte zein heldu, ilusioz daude zain herriko erraldoi eta buruhaundiak ikusteko. Hain zuzen ere, Inauterien ondoren, komunikatu bat argitaratu genuen, sare sozialetan eta Kronikan, gure irteeretan jasandako oihu iraingarriengatik. Horregatik, Konpartsatik gogorarazi egin nahi dugu, horrelako oihu iraingarriak berriro gertatu ez daitezen San Joanetan, eta ezta hurrengo irteeretan ere. Denok gozatu nahi dugulako erraldoien dantzaz, buruhaundien korrikaldiaz, eta nola ez, dultzainero zein txistularien doinu alaiaz», nabarmendu dute.
Ekainaren 23an, 25ean eta 26an aterako dira Herburu konpartsako erraldoi eta buruhaundiak kalera, eguerdiko 12:00etan Plazatik abiatuta. Ohi bezala, Kaxkoan barrena egingo dute kale buelta, dultzaineroen eta txistularien laguntzaz.