Aurretik egindako adierazpen batzuk argitu nahi izan ditu Ricardo Crespok, Hernaniko PSE-EEren bozeramaileak. Horietan, zioen EH Bilduk frogak ezkutatu zituela, udal instalazioetako eraso baten epaiketan: «Gure asmoa ez zen, inola ere, EH Bilduri leporatzea delitu bat egin izana. Erabilitako esaldia okerra da, eta errealitateari hobeto egokitzen zitzaion beste esaldi bat erabili behar genuen. Esaterako, epaiketan ez zirela eman Udalaren esku zeuden froga guztiak; zehazki, segurtasun kameren bideo batzuk. Hori ukaezina da».
Horren harira, PSE-EEk dio ez duela «inoiz» adierazi «agindu politikorik» zegoenik horrela jokatzeko: «Baina erabaki administratiboa izan edo ez, ezin da zalantzan jarri kudeaketa eskumena duten hautetsiak direla Udalaren aktuazioen azken erantzuleak». Alderdi sozialistak uste du, «ahalik eta gardentasun haundiena» dela tresnarik onena horrelako kasuetan, gertatutakoa argitzeko; «are gehiago, kontutan hartuta prozedura judiziala dela. Udal aktuazioak huts egin badu uneren batean, orain da neurriak hartzeko momentua, eta etorkizunean antzeko egoeretan hobeto jokatzeko».