Azken asteetan, prentsan argitaratu diren zenbait adierazpen eta artikuluk ezbaian jarri dute
Hernaniko Udaleko Berdintasun Sailaren jarduna, bertako langileen profesionaltasuna zalantzan jarriz. Hori horrela, Berdintasun Kontseilutik honakoa adierazi nahiko genuke:
Hernaniko Berdintasun Sailak hogei urte daramatza emakumeen bizi baldintzak hobetzeko ahaleginean, besteak beste indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeak artatzen. Arreta handiz esku hartzen emakume guztiekin, herri administrazioak eskura dituen eskumen eta baliabideak aintzat hartuta, nahiz eta badakigun, horrek ez dituela emakume guztien beharrak asebetetzen. 2021az geroztik, Kulturarteko Plaza Feministan emakumeei gertuko arreta eskaintzen zaie entzuketa aktiboa bermatuz. Kasuan kasu, sostengu psikologikoa zein aholkularitza juridikoa eskaintzen da eta modu koordinatuan lan egiten da Zerbitzu Sozialekin, Udaltzaingoarekin, Ertzaintzarekin eta Osakidetzarekin.
Horrenbestez, eskatzen diegu Hernaniko Udaleko alderdiei arduraz jokatzea eta emakumeen sufrimenduarekin etekin politikorik ateratzen ez saiatzea. Izan ditzazketen zalantzak argitu zein iradokizunak egiteko Kulturarteko Plaza Feministara jo dezatela, inoren lana informazio osoa jaso gabe epaitu aurretik. Kasuari buruzko informazio partziala eta kontrastatu gabea izanda Berdintasun Sailaren lana komunikabideetan ezbaian jartzeak kalte egiten dio egunerokoan berdintasunaren alde egiten den lan nekaezinari.