Azken txanpan sartu da Berria Txapelketa, kluben arteko txapelketarik garrantzitsuena; eta Hernaniko kiroldegiko frontoian jokatuko dira bi semifinalak, gaur bertan. Goizean izango da aurrenekoa, 11:00etan hasita: Doneztebeko Erreka eta Ultzamako Buruzgain izango dira aurrez aurre, kanporaketa berdinduan. Kadeteetan, Aldaz eta Martikorena ultzamarrak izango dira faborito; eta jubeniletan, aldiz, Errekako Apezetxea eta Agesta. Litekeena da seniorretan erabakitzea kanporaketa: Iriarte eta Oliden ariko dira Buruzgainekin, eta Arteaga eta Cuairan Errekarekin.
Arratsaldeko 17:00etan, berriz, Iruñeko Oberena eta Tolosa ariko dira, eta talde nafarra izango da faborito, seniorretan bikote indartsuagoa baitauka, Canabal eta Aldabe Espainiako txapeldunekin. Altuna eta Albeniz II gazteak izango dira tolosarren ordezkari, partidu horretan. Kadeteetan zein jubeniletan, partidu parekatuak espero dira, maila haundiko lau bikoterekin: Rekalde-Okiñena (Oberena) eta Insausti-Castro (Tolosa) kadeteetan, eta Sarasibar-Santesteban (Oberena) eta Iraeta-Garcia (Tolosa) jubeniletan.