Bihar eguerdian inauguratuko dute Tilosetako kiosko berritua

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 17a, 00:00

Proiektuaren sortzaileak eta sustatzaileak, kioskoan.

Joxepa Zubeldia Elizegi bertsolariaren omenez berritu dute Tilosetako kioskoa, eta igande eguerdian inauguratuko dute.

Bertso berrik, andre batek jarrik. Ernaniko berrik, oso arrigarrik. Izenburu hori jarri zion Joxepa Zubeldia Elizegik gordeta geratu den bere bertso sorta bakarrari. Bete betean asmatu zuen orduko hartan, eta orain bere izena daraman kioskoa bilakatu da Hernaniko berri harrigarrienetako bat. Bihar eguerdian inauguratuko dute bertsolari hernaniarraren omenez berritutako kioskoa. Arrate Rodriguez, Carlos Ndungmandum eta Maialen Lujanbio aritu dira «azalberritzearen» atal artistikoan lanean, eta pieza txiki asko baliatu dituzte kioskoari «zentzu oso bat» emateko. 

«Kioskoa hain haundia eta, aldi berean, ikusten ez zen gauza bat izatea oso paradojikoa zen; eta emakumeen ahotsarekin edo sorkuntzarekin paralelismo ia ebidenteegia egiten zuen», azaldu du Lujanbiok. 

Kolorearen aukeraketak zeresana eman du herrian. Rodriguezek aipatu du «iparraldeko frontoien kolorea» izan dela inspirazio iturri nagusia: «Iruditzen zitzaigun kioskoa duindu behar genuela, distira atera behar geniola. Kolorea oso garrantzitsua iruditzen zitzaigun, eta azal kolore gisa funtzionatu du». Azal kolorea dio, bi begi, eta sudur eta aho bana jarri dizkiotelako kioskoari: «Argi geneukan komunikazioaren bidetik joan behar genuela, ahotsa ematearen kontua garrantzitsua zelako». 

Urrutitik atentzioa ematen du kioskoak, eta gerturatu ahala ñabardura gehiago ikus daitezke. Joxepa Zubeldiaren 24 bertsoz osatutako sorta irakurtzeko aukera dago kioskoaren zutabeetan; bertsoek zentzua dute bere horretan, baina zutabe bakoitzean nabarmendutako hitzek beste esaldi batzuk osatzen dituzte. 

Kioskoaren atzeko aldean liburu bat irudikatu dute: ezkerrean, azalean, izenburua dago, Joxepak berak sortari jarritako izenburua; eta ondoan 13 bertsoz osatutako sorta zaharberritua jarri dute. Garaiko esaldiak eta egungoak tartekatu dituzte, eta Ndungmandumek hautatutako tipografia motetan desberdindu daitezke garai zaharrak eta berriak.

Joxepa Zubeldiak zioen modura, igandean hasiko da karrasi eta diarka bere omenez «azalberritutako» kioskoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!